Azaroaren 22ko Santa Zezilia egunaren iragarle, Donostiako Udalaren Txistulari Taldeak eta Santa Cecilia Abesbatzak elkarrekin osaturiko programa eskainiko dute, igandean, hilak 15. Aurtengo edizioan Tomas Garbizuren lana erakutsiko dute musikagilearen jaiotzaren 125. urteurrenean (1901–1989), haren hainbat obra eta harmonizazio egitarauaren ardatz bihurtuz.
Txistulari zein abesbatza bakarka aritu ondoren, kontzertua amaitzeko, bi taldeak elkarrekin ariko dira oholtzan. Hasteko, Fernando Goenagaren Kaia barrenean doinuan oinarrituta Garbizuk egindako moldaketa eskainiko dute; jarraian, Ikusten duzu eta Chori erresiñoula herri doinuak entzungo dira. Azkenik, jaia giro ezin hobean amaitzeko, Tomas Garbizuren Donosti joko dute elkarrekin. Emanaldiaren hasierako zein azken doinu horietan Donostiako Musika eta Dantza Eskolako txistu ikasleek ere parte hartuko dute, ikasgeletan landutakoa oholtzan erakutsiz.
Gainera, kontzertuaren azken atal hori txistulari taldearen azken urteetako historian garrantzia eta esangura handia izan duen Juan Vega laguna agurtzeko unea ere izango da. Berrogei urtetik gora irakasle eta txistulari taldeko txistulari eta flauta jotzaile izan denak erretiroa hartu berri duen honetan omenaldia jasoko du txistuzale, lagun eta kide-ohiengandik.
Horrela, igandean, azaroaren 15ean, 12:00etatik aurrera, Santa Zezilia musikarien patroiaren eguna iragarriko dute Donostiako Udaletxeko Udalbatza Aretoan. Kontzertuak sarrera librea izango du edukiera bete arte.