Dervish Irlandako musika tradizionalaren munduko erreferentzia handienetako bat da. Sligo konderrian jaiotako taldeak hiru hamarkada baino gehiago igaro ditu folk musika lantzen eta berritzen. Tradizioaren eta orainaren arteko zubiak ederki lotzen ditu irlandako musika talde honek.
Irlanda mendebaldeko pub-etan jotzen zuen lagun talde batek sortu zuen Dervish, eta 1989an ekin zion ibilbide diskografikoari, The Boys of Sligo lanarekin. Ordutik, bost kontinenteetan zehar ibili da, James Brown, Neil Young edo Sting bezalako artistekin oholtza partekatuz. Rock in Rio jaialdian, munduko jaialdi jendetsuenetako batean, aritu den lehen talde irlandarra izan da.
Rounder Records zigilu ospetsuak argitaratutako The Great Irish Songbook (2019) albuma mugarria izan zen taldearen ibilbidean. Albumean, irlandar errepertorioko hamahiru abesti ospetsu berrinterpretatu zituen taldeak. Vince Gill, Steve Earle, David Gray, Imelda May edo Brendan Gleeson bezalako musikariekin aritu ziren elkarlanean, doinu horiek edozein belaunalditako entzuleak hunkitzeko duten gaitasuna erakutsiz.
Cathy Jordan, Shane Mitchell, Liam Kelly, Michael Holmes, Brian McDonagh eta Tom Morrow musikariek osatzen dute Dervish. Musika-tresna irlandarrek, ahotsek eta musikarien arteko konplizitateak bizirik eusten diote mundu osoko agertokien gainean hazten jarraitzen duen ondareari.