Azaroaren 27an, ostirala, Ei! Bilbaoren beste edizio bat hartuko du Miribillako Bilbao Arenak. Gizarte-eragina duten Europako kontzertu parte-hartzailerik handienetako bat da. 2026ko edizioak 90 erakundetako 3.000 ahots bilduko ditu, abesbatzetakoak eta ikastetxeetakoak. Proposamenak bereziki indartuko ditu abesbatzen protagonismoa eta parte hartuko duten talde guztiek azken hilabeteotan egindako lana.
Errepertorioa hainbat estilotako 25 abestik osatuko dute, Alfred Tapscottek edizio honetarako sortutako moldaketekin. Nazioarteko ibilbide luzea duen konpositore eta moldatzaile horrek Los Minions eta Angry Birds bezalako ekoizpenetan parte hartu du. Besteak beste, The Greatest Show, Go West, La Gozadera, Madre Tierra, Furra furra eta Itsasoa gara abestiak interpretatuko dituzte. Edizio honetan, dantzak ere presentzia handiagoa izango du eszenaratzean.
Ei! Bilbaok, gainera, Eñaut Elorrieta, Miren de Miguel, Gozategi eta Jimena Tombelle izango ditu artista gonbidatuen artean, besteak beste. Horiek 3.000 parte-hartzaileen ahotsekin bat egingo dute, eta kontzertuan bertan emango da ezagutzera nortzuk diren.
Musika lehenago hasiko da, Bilbotxeros Band taldeak berriro ere kontzertuaren aurreko emanaldia girotuko baitu, aurreko edizioan egin zuen bezala, Bilbao Arenara iristen den publikoari harrera eginez.
Ei! Bilbaok Bizkaiko kultur, hezkuntza eta gizarte-sarearekiko konpromisoari ere eutsiko dio. Edizio honetan ikastetxeetako 1.500 haurrek baino gehiagok parte hartuko dute, abesbatzen mundurako errepertorio berria sortuko da eta 50.000 euro baino gehiago bideratuko dira abesbatzen sektoreari laguntzeko. Gainera, eserlekuen % 10 zaurgarritasun-egoeran dauden kolektiboetako pertsonentzat gordeko da.