Antolakuntzak honako hau jakinarazten du:
Datorren abenduaren 9an, Donostiako Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Psikologia Fakultateko ikasgelategiak UNRWA Euskadik “Gazte Artibistak II” proiektuaren barruan bultzatutako ekintza artibista bat hartuko du. Jardunaldian zehar, unibertsitateko ikasleek “Ba al dago hazteko lekurik Zisjordanian?” izeneko instalazio artistiko kolektiboa aurkeztuko dute. Proposamen honen helburua Zisjordanian bizi diren Palestinako emakume eta neska errefuxiatuek eskolara joateko eta hezkuntza-eskubidea bermatuta izateko egunero aurre egin behar dieten oztopoak ikusaraztea da.
Esku-hartze honek ikasgeletan egindako hezkuntza- eta sentsibilizazio-prozesu bati amaiera emango dio; prozesu horretan, ikasleek lurraldearen, generoaren eta giza eskubideen arteko harremanean sakondu dute, artea tresna pedagogiko eta gizarte-eraldaketarako bitarteko gisa erabiliz. Erakusketa artistikoa bisitatzeaz gain, bertaratzen direnek Euskadin bizi den familia errefuxiatu batek prestatutako Palestinako gastronomia tradizionalaren dastaketaz gozatu ahal izango dute, haien eguneroko errealitateetara hurbiltzeko topagune bat sortuz.
Ekimen honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren (eLankidetza) finantzaketa du, baita EHUren laguntza ere. Unibertsitateko komunitate osoa eta herritarrak gonbidatzen ditugu Psikologiako ikasgelategiko instalazioa bisitatzera, krisi-testuinguruetan hezkuntza seguru eta duina bermatzeko beharrari buruzko hausnarketa kolektiboarekin bat egitera eta ikasleen konpromiso sortzailea bertatik bertara ezagutzera.