La Sinsorgak jakinarazten du:
Zer gertatzen da etorkizun duina izateko egin beharreko guztia egiten duzunean, eta konturatzen zarenean pisua partekatzea, lan prekarioetan bizirautea eta zure bizitzarekin zer arraio egiten ari zaren etengabe galdetzea dela etorkizuna? El papelón de mi vida Itxaso Labaka Goikoetxea aktore eta dantzari durangarrak idatzi eta interpretatutako bakarrizketa autobiografikoa da. Madrilen bizitzen eman zituen bi urteak errepasatzen ditu, umorez, ironiaz eta autokritika dezente eginez. Lan-prekaritateak, ordaindu ezineko alokairuek, matxismoak, desioak, helduen bizitzaren kontraesanek eta Madrilen euskalduna izatearen berezitasunek zeharkatzen dute istorioa. Lan egiteko, harremanak izateko, taldean sartzeko eta gure lekua aurkitzeko antzezten ditugun rol guztiei buruzko istorioa da. Itxaropenekin, zalantzazko erabakiekin eta imajinatzen genuen bizitzaren eta bizitzea egokitu zaigunaren arteko aldearekin barre egiten duen antzezlana. La Sinsorgak bakarrizketa honen estreinaldia hartuko du. Emanaldi solidarioa izango da. Sarreren bidez lortuko dena gure espazio kultural feminista sostengatzen laguntzeko ematea erabaki du Itxasok. Beraz, ikuskizunaz gozatzeaz gain, La Sinsorga babestuko duzu sarrera erostean.