ARKABIAk abenduaren 28an eta 29an egingo du Beat Bat ekimenaren bigarren edizioa. Musika urbanoa lantzeko laborategia da, eta nerabe nahiz gazteentzat prestatu da. Lehenengo deialdiko esperientziaren ondoren, saio praktiko bi dakartza ekimenak oraingoan, parte-hartzaileei musika konposizioan nahiz ekoizpenean sakontzeko eta beren sorkuntzak garatzeko aukera emango dietenak. Tailerra egun bitan egingo da, 10:00etatik 14:00etara, eta edukiak taldearen profilera nahiz aurretiazko ezagutzetara egokituko dira. Ez da beharrezkoa musika esperientziarik izatea parte hartzeko, baina tokia erreserbatu behar da, doan, www.arkabia.eus webgunean.
Orain egingo den kultura- eta prestakuntza-ziklo honek musika erabiltzen du adierazteko, gizarteratzeko eta eraldaketa pertsonalerako bitarteko. Edizio honetan, musika tresnen eta tekniken ikaskuntzan aurrera egitea du helburu. Horretarako, lehenengoan baino esperientzia espezializatuagoa eskainiko du eta, aldi berean, parte hartzaileen artean loturak sortzen eta taldea sendotzen lagunduko du.
Garajeko Elkarteak emango du tailerra. Elkarte horrek Madrilen du egoitza, eta oso ezagunak dira Estatu osoan. Musika hezkuntza ez-formalaren bidez eraldaketa soziala bultzatzea du helburu. Halaber, artea eta musika aldaketarako motore dituzten ekoizpenak sustatzen dituen zigilu musikal alternatiboa da. Hitzordu honetan, gainera, musika urbanoak jorratzen dituen gaiekin zuzenean lotutako kontzeptuak landuko dira, hala nola justizia soziala, kulturartekotasuna eta genero-ikuspegia duen herri-kultura.
Edizio honetan, Beat Bat-en lehenengo jardunaldia musika ekoizpenari buruzkoa izango da, eta audio digitaleko (DAW) programa eta lan estazioei, musika oinarrien konposizio eta sorkuntzari (beatmaking), grabazioari eta soinu edizioari buruzko sarrera bat egingo da, eta nahasketaren eta masterizazioaren oinarriak landuko dira.
Bigarren saioak, berriz, musika konposizioa izango du ardatz. Parte hartzen duten gazteek musika urbanoaren generoei eta estiloei, harmoniari eta tonalitateari, abesti baten egiturari eta ahots ekoizpenari buruzko oinarrizko nozioak landuko dituzte, baliabide horiek beren sorkuntzetan erabiltzea helburu.
Helburua da tailerra amaitzeko ekoizpen propioa egin dezatela partaideek, ikaskuntza emaitza sortzaile zehatz batean gauzatu dadin. Praktika eta eduki teknikoak uztartzeari esker, musika prozesuaren hainbat fasetan sakontzeko aukera izango dute, ideia bat sortzetik ideia hori garatu eta ekoizteraino.
Izen-emate irekiak
Beat Bat nerabeentzat eta gazteentzat pentsatu da – 15 eta 20 urte bitartekoentzat –, eta ez du aurretiko ezagutzarik edo esperientziarik behar. Laborategian leku bat erreserbatzeko, izena eman behar da, doan, www.arkabia.eus webgunean. Horretarako izen-abizenak, adina eta posta kodea eman behar dira, eta, gainera, tailerrean parte hartzeko interesa azaldu behar da labur-labur.
Bigarren edizio honen bidez, ARKABIAk musika urbanoa belaunaldi berriei hurbiltzen dien proposamenari eman dio jarraipena, sormena garatzeko, adierazpen modu berriak esploratzeko eta sorkuntza kolektiboko esperientzia partekatzeko tresna baita.