Maiatzaren 5ean, SCORPIONS taldea Bizkaia Arenan (BEC) arituko da, Love, Peace & Rock 'N' Roll Tour 2027 biraren baitan.
Scorpions 1965ean Hannoverren (Alemania) sortutako hard rock eta heavy metal talde mitikoa da. Hamarkada luzez, gitarra-riff indartsuak, melodia itsaskorrak eta Klaus Meinen ahots bereizgarria izan dituzte euren musikaren ezaugarri nagusi. Blackout (1982), Love at First Sting (1984) eta Crazy World (1990) diskoekin nazioarteko arrakasta handia lortu zuten. «Rock You Like a Hurricane», «Still Loving You» eta «Wind of Change» bezalako abestiei esker, rockaren historiako talde ezagunenetako bat bihurtu dira. 2025ean 60 urteko ibilbidea ospatu zuten, eta gaur egun ere oholtza gainean jarraitzen dute.