25 urte betetzea ozen ospatzeko modukoa da. Azkena Rock Festival jaialdiak historia luze baten zama bizkar gainean hartuta eta bidean aurrera egiten jarraitzeko energiaz beterik bete ditu 25 urte. 2027ko ekainaren 17an, 18an eta 19an, Mendizabalan artista-zerrenda baten inguruan bilduko dira, berriz ere, hainbat belaunaldi, genero-aniztasuna, rock’n’roll klasikoa, hard rock a eta punk a grunge, stoner edo heavy metal doinuekin uztartuta, eta garage rock aren gordintasunarekin, noise aren distortsioarekin, indie rock aren melodiekin eta glam aren nostalgiarekin ere bat egingo dute, country, blues, folk eta amerikar musikaren sentsibilitateari ere lekua utzita.
Azkena Rock Festival jaialdiaren 25. urteurreneko kartel osoaren berri eman da dagoeneko, 2027an Estatuan kontzertu bakarra emango duten hiru rock izar historikoen izenak izanik kartelburu: Patti Smith, Bad Religion eta Slash ft. Myles Kennedy & The Conspirators. Artista gutxik uztartzen dituzte poesia, rocka eta kontrakultura Patti Smith ek duen indarrarekin. 2026ko Arteetako Asturias Printzesa Saria jaso ondoren, Mendizabalara itzuliko da People Have the Power edo Because the Night bezalako mugarri bihurtutako kantak biltzen dituen errepertorioarekin. Bestalde, Bad Religion taldeak lau hamarkadatik gorako ibilbidearen errepasoa egingo du melodia, abiadura eta kritika sozial nahiz politikoa uztartzen dituen punk peto nahastezinarekin; aldiz, 2010eko bisitaldiaren ondoren, Myles Kennedy & The Conspirators ekin batera itzuliko da Gasteiza Slash, Guns N'Roses taldeko gitarrista ikonikoa riff bereizgarrien eta Kennedyren ahots indartsuaren gainean eraikitako hard rock arekin. Ospakizun historiko honekin bat egingo du Marilyn Manson ek, XX. mende amaierako rock aren alderdirik ilunena eta teatralenak. "Erreberendoak" bere magnetismoa askatuko du Mendizabalako agertokian, metal industrial desafiatzaile eta distortsionatuaren bitartez, jarrera basatiarekin Antichrist Superstar eta beste hainbat abesti ezagun interpretatuta. Bestalde, Wilco taldeak, Jeff Tweedy buru duela, musikaren maisutasuna, rock alternatiboaren sustrairik aberatsenak eta art-country amerikarra ekarriko ditu Yankee Hotel Foxtrot edo A Ghost Is Born albumekin.
Sustraien doinuak jaialdiaren funtsezko koordenatuetako bat izan dira hasieratik, eta 2027an ere leku nabarmena izango dute. Edizio honetan, artista handiak itzuliko dira jaialdira, hala nola The Waterboys taldea, 2006ko bisitaren ondoren, Mike Scott buru izanik eta lau hamarkadaz rock hedakorra, irlandar folk a eta sustrai akustikoak landuta. 16 Horsepower izango dira gothic americana estiloaren ordezkari hogei urteko etenaldiaren ondoren, country a, Apalatxeetako folk a, gospela eta rock alternatiboa batzen dituen unibertso ilun eta espiritualarekin. Dave Alvin & The Guilty Ones bandak, berriz, blues a, country a eta folk a ekarriko ditu The Blasters taldearen sortzailearen eskutik. Dallasetik Old 97's etorriko dira, 90eko hamarkadako alt-country a ulertzeko ezinbestekoak eta rock’n’roll arekin eta punk aren urgentziarekin uztartzen maisuak; Billy Braggek punka, folka eta protesta-kanta uztartuko ditu eta American Aquarium ere izango dira jaialdian, BJ Barham buru dutela, eguneroko istorioak kontatzea alt-country eta southern rock doinuetarako lehengai bihurtuta.
Bestalde, Kyuss taldeko ahots eta Palm Desert-eko panoramaren funtsezko figura den John Garcia k riff astunak, psikodelia eta groove a ekarriko ditu stoner ukitu batekin; Billy Bragg en eskutik punk a, folk a eta protesta-abestia nola uztar daitezkeen ikusiko dugu, eta blues musikaren ahots handienetako bat ere etorriko da: Beth Hart, abesti bakoitza zaurgarritasunetik intentsitate gorenera eramateko gai izanik. Rival Sons taldeko kideek 70eko hamarkadako hard rock aren irakurketa ahaltsua egingo dute, blues elektrikoa, soul a, psikodelia eta stoner doinuekin nahastuta; eta eremu zabal honetako egitaraua osatze aldera, The Southern River Band taldearen australiar ukituko boogie a eta hard rock a aipatu behar dira, Parker Barrow bikotearen southern rock, blues eta soul a Nashvilletik, eta Cherry Poppin’Daddies en swing, ska, punk eta jazz musiken nahasketa. Beste bi talde ere sartu dira artisten zerrendan: Gran Cañón super-talde rock eroa, Carlos Tarque, Leiva eta Iván González “Chapo”rekin; eta The Bird Experience, Heath taldeko abeslaria buru duena eta blues psikodelikoa, soul a eta funk a bat-batekotasunarekin uztartuko dituena.
Punk ak eta frekuentzia distortsionatuenen aldaera guztiek zeregin garrantzitsua izango dute. Michael Monroe k Hanoi Rocks taldearen ondarea berreskuratuko du, punk, glam eta 80ko hamarkadako rock n roll erako funtsezkoa den taldea; Kanadatik, Billy Talent ek punk rock, post-hardcore eta rock alternatiboaren nahasketa ekarriko du, Super 400 taldekoak ere itzuliko dira 2007ko ikuskizun arrakastatsuaren ondoren, blues, psikodelia eta hard rock nahasketa indartsuarekin; eta The Drones australiarrak etenaldi luze baten ondoren itzuliko dira, blues-punk, garage, gothic folk eta esperimentazio elektronikoko noise a uztartuta. Londresko East End-etik, Cockney Rejects taldea britainiar punk aren, Oi! mugimenduaren eta 70eko hamarkadaren amaierako kale-espirituaren historia bizitzat har daiteke; psikodelia, garage eta fuzz instrumentala The Bevis Frond britainiarren esku egongo da; distortsioak bide berriak urratuko ditu Girls Against Boys taldearekin, hiru hamarkadaz baino gehiagoz post-delia, garage, indie eta fuzz estiloak landuta; eta Foxy Shazam ek glam, soul, punk eta hard rock musikaren zuzeneko exageratua eta teatrala eskainiko ditu. Ospakizunaren espektroa are gehiago zabalduko da Twin Temple satanic doo-wop bikotearekin, zeinak okultismoa eta rock a uztartzen baitituen 50eko eta 60ko hamarkadetako rhythm & blues arekin; eta Bratakus taldeko kideek hardcore punk eta riot grrrl deskarga egingo dute. Estatuko eszenak ere garrantzi nabarmena izango du Cala Vento rekin, soinu-horma bat eraikitzeko gai izanik gitarra, bateria eta
DIY filosofia sakon batean oinarrituta. Euskal Herritik, The Clayton ek eskandinaviar jatorriko high energy rock a eskainiko du, BARRRK taldea etxean arituko da stoner, grunge eta rock alternatiboaren nahasketarekin, eta Marte Lasarte taldeak euskarazko rock a sintetizadore, elektronika eta pop melodietara irekiko du.
Jaialdiko karpa basatiena Trashville Allstars & Friends bihurtuko da aurten, eta Mendizabalan historia egin zuten taldeak berreskuratzeaz gain, rock espiritu primitibo eta ustekabekoena ordezkatzen duten talde berriak ere gehituta. Azkenako publikoak ondo ezagutzen dituen izenak euren inframundu berezira itzuliko dira: Los Straitjackets, Micky y Los Colosos del Ritmo, Blind Rage & Violence, Bob Log III, The Cyborgs, Dead Elvis & His One Man Grave, Les Greene, The Bank Robbers, Reverend Beat-Man, oraingo honetan aliantza eginda Milan Slick ekin, Bárbara y Rey (Ángel y Cristo-ren alter ego berria) eta Old Time Spooks arabarrak. 25. edizio honetan lehen aldiz etorriko dira Demented Are Go, The Urban Voodoo Machine, Tear Dungeon eta Wild Billy Childish & CTMF, jaialdiarekin zuten zorra kitatzeko asmoz; izan ere, 2023an ezin izan baitzuten programatutako emanaldia egin.
25. urteurren honek aurtengo berritasun handienetako bat ekarriko du: Strawhouse, antzinako aletegi komunitarioetan inspiratutako landa-eszenatoki intimo berria, folk, country eta blues sustraidun musikaren eta musika akustikoaren omenez. Oholtza gainean egongo dira Nick Lowe, britainiar pub rock aren funtsezko figura eta abestiaren maisua; Dave Hause, Philadelphiako punk eszenan ondua; Lilly Hiatt, country alternatiboaren, folk aren eta indie rock aren ildoei jarraituz; eta Joana Serrat eta Tulsa, estatuko musika amerikarraren figurak. Era berean, rock’n’roll, rockabilly, country eta western swing aren zale den Deke Dickerson ere batuko da, Jerron “Blind Boy” Paxton multiinstrumentista, Hayseed Dixie ren rockgrass klasikoa eta errepertorio propioa, Peter Bruntnell en folk eta power pop malenkoniatsua, eta Li'l Andy-ren The Complete Recordings of Hezekiah Procter proiektu berezia, country folk kontakizuna eta gospel a nahasten dituena.
Azkena Rock Festivaleko aurreko edizioetara joandakoek dagoeneko eros ditzakete bonuak prezio murriztuan; aldi berean, salmenta orokorra ere zabalik dago sustapen-prezioan, azkenarockfestival.com webgunearen bidez.
Gazte Bonua ere eskuratu ahal izango da (24 urtetik beherakoentzat), baita Kuadrilla Bonua ere, jaialdiko lagun-talde fidelentzat pentsatua (6 bonu prezio murriztuan). Aurtengo edizioan ere ordainketa zatika egiteko aukera egongo da, eta 14 urtetik beherakoek doan izango dute sarrera. Jaialdiak autobus-zerbitzua mantenduko du jaialdira joateko eta handik itzultzeko, Altsasu, Arrasate, Barakaldo, Bilbo, Burgos, Donostia, Errenteria, Getxo, Irun, Miranda de Ebro, Iruñea, Portugalete eta Zarautz bezalako hurbileko hirietatik antolatutako bidaiak eskainiz.
Azkena Rock Festival jaialdiko anplifikadoreek inoiz baino indartsuago egingo dute orro 2027an, jaialdiak 25 urte betetzen dituen honetan oholtzatik nazioarteko rock aren figura garrantzitsuenetako batzuk igaro ondoren: Bob Dylan, Blondie, Ozzy Osbourne, Joan Jett edo John Fogerty; edo The Who, Kiss edo Pearl Jame; Estatuko eszenako funtsezko izenak ere aipatu behar dira, hala nola Los Zigarros edo Lagartija Nick; baita Mendizabalan leku propioa topatu duten aurkikuntza ugari ere. Mende-laurden bat rock n roll a bere alderdi guztietan ulertzeko modu ireki, sutsu eta aurreiritzirik gabeko bati leial.
Jaialdia partekatutako nortasun horren ospakizuna izango da, Mendizabala emanaldi-eremu baino askoz gehiago bihurtu duen komunitate leial baten babespean. Alde batetik, ingurune berde eta erosoa, Gasteizko erdigunetik gertu, eta, bestetik, Green Capital eta erreferente gastronomiko den hiria, eremu ezin egokiagoak izango dira, aurten ere, musikaz, topaketaz eta distortsioz beteriko 25 urteak ospatzeko. Ibilbide luze honetan, Last Tour enpresa da gidari, oraindik ere; BCorp ziurtagiria eskuratu duen kultura-sustatzaile independentea da, balioetan oinarritutako ekitaldi-eredu arduratsu batekin konprometitua.
Jaialdiaren antolatzaileek esker ona helarazi nahi diete bereziki Gasteizko Udalari eta Arabako Foru Aldundiari, baita Kutxabanki, Petronorri eta St. Petroni ere, haien guztien laguntza ezinbestekoa baita jaialdia gauzatzeko.
Azkena Rock Festival
2027ko ekainak 17, 18 eta 19
Mendizabala, Gasteiz
16 HORSEPOWER
AMERICAN AQUARIUM
BAD RELIGION
BARRRK
BETH HART
BILLY BRAGG
BILLY TALENT
BRATAKUS
CALA VENTO
CHERRY POPPIN’ DADDIES
COCKNEY REJECTS
DAVE ALVIN & THE GUILTY ONES
FOXY SHAZAM
GIRLS AGAINST BOYS
GRAN CAÑÓN
JOHN GARCIA
MARILYN MANSON
MARTE LASARTE
MICHAEL MONROE plays Hanoi Rocks
OLD 97’s
PARKER BARROW
PATTI SMITH QUARTET
RIVAL SONS
SLASH FT. MYLES KENNEDY & THE CONSPIRATORS
SUPER 400
THE BEVIS FROND
THE BIRD EXPERIENCE
THE CLAYTON
THE DRONES
THE SOUTHERN RIVER BAND
THE WATERBOYS
TWIN TEMPLE
WILCO
Trashville Allstars & Friends
BÁRBARA Y REY
BLIND RAGE & VIOLENCE
BOB LOG III
DEAD ELVIS & HIS ONE MAN GRAVE
DEMENTED ARE GO
LES GREENE
LOS STRAITJACKETS
MICKY Y LOS COLOSOS DEL RITMO
OLD TIME SPOOKS
REVEREND BEAT MAN & MILAN SLICK
TEAR DUNGEON
THE BANK ROBBERS
THE CYBORGS
THE URBAN VOODOO MACHINE
WILD BILLY CHILDISH & CTMF
Strawhouse
DAVE HAUSE
DEKE DICKERSON
HAYSEED DIXIE
JERRON "BLIND BOY" PAXTON
JOANA SERRAT
LILLY HIATT
NICK LOWE
PETER BRUNTNELL
THE COMPLETE RECORDINGS OF HEZEKIAH PROCTER
TULSA
ARF Komunitate Bonua: 145 € + gastuak
Sustapen Bonua: 150 € + gastuak
Kuadrilla Bonua: 125 € + gastuak (6 bonu prezio berezian)
Gazte Bonua: 135 € + gastuak (24 urtetik beherakoentzat; jaialdian sartzeko NANa aurkeztea ezinbestekoa izango da)
Doako sarrera 14 urtetik beherakoentzat (aldez aurretik formularioa bete ondoren)
Sarrerak: azkenarockfestival.com
#azkenarockfestival