KALAKAN euskal musikarien hirukoteak Ahotsez disko berria dakar, taldeak duela 12 urte sortu zeneko garaiko soinuekin konektatzeko egiten duen bidaia. Kantuak, capellak, hartzen du protagonismoa konposizio berrietan. Asmoa da "soinu puruago eta sinpleago batera itzultzea, denok jaiotzatik dakarkigun musika-tresna baten inguruan: ahotsaren inguruan, alegia", diote KALAKAN taldeko kideek.
Zuzenekoetan Artizar diskoarekin batera defendatuko dute proiektu berria. Bi proiektu paralelo izango dira, baina Ahotsez lanarekin dakarkiguten musika-proposamena intimoa, teknika gutxikoa eta ia mikrofoniarik gabea izango litzateke eszenatokian. Akonpainamendu eta giro elektronikorik gabea. Disko berriaren azalak berak ere purutasun estetikoaren ideia hori islatzen du, grafismo garbi batekin eta eztarriko chakra irudikatzen duen sinbolo batekin: Vishuddha chakra, hain zuzen ere.
Maitasuna eta hainbat omenaldi dituzte hizpide abesti berriek; omenaldia txori kantariei, urretxindorrari esaterako, pilotari eta pilotariei... Baina portugesez eta ingelesez ere aurki ditzakegu abestiak, baita txiletar kantu bat ere. Saroia Records diskoetxeak ekoiztu dio diskoa taldeari, eta Hazparnen grabatu eta moldatu dute.