"Hasiera bat"

  • "Hasiera bat"

Gorka Urbizuk bere izenez sinatzen duen lehen diskoa da Hasiera bat. Hamar kantuk osatzen dute bilduma. Hamar aukera. Hamar erabaki. Izan zitezkeen beste batzuk, baina hauexek dira: "Maitasun bat", "Teoria bat", "Tren bat", "Toki bat", "Janela bat", "Kolore bat", "Lilura bat", "Etxe bat", "Sute bat" eta "Besterik ez".

Kantuaren muinerainoko bidaia dirudi Hasiera bat diskoak. Soinu geruzak gehitu eta gehitzearen tentazio oro baztertuta, kontrako bidea aukeratu baitu egileak: kantuak erantzi, hustu, kimatu... euren soiltasuna agerian utzi arte. Gordin. Eder. Horrexek egiten ditu, hain zuzen ere, harkaitza bezain gogor, haizeak astindutako hostoa bezain hauskor.

"Ikusmenak itsututa gaude", diosku Urbizuk, eta ezustean kaleratu duen lan honekin bost zentzumenez entzuteko gonbitea luzatzen digula dirudi. Gelditu eta entzun. Barrutik soilik ireki daitezkeen ateak ireki. Garbitu zarata. Beharrezkoa dena esan, besterik ez. Soiltasunaren ederra lortzen ahalegindu, sortuko denaren beldurrik gabe.

Lleida inguruko 1904ko antzoki zahar bat eta zortzi pistako analogiko xume bat: horiexek izan dira doinuok soinuz jasotzeko lanabes oinarrizkoak. Aurriritzi oro alboratuta, beste nonbaitetik sortzeko apustua egin du Berri Txarrakeko abeslari ohiak: soildu eta soildu, muina ukitu arte: hezurra. Egia. Egia bat.

Jordi Matasek ekoitzia, bere biluzian erpin ugari erakusten duen diskoa da hau. Maitasunez eta maitasunaz egina. Ez alde egin denbora baino lehen. Helduko da. Heldu da. Eta hau, hasiera bat baino ez da. 2024an zuzenekoetan ikusiko dugu elkar.

FITXA TEKNIKOA

Teatre de ca l'Eril-en grabatua (Guissona, Lleida, Katalunia)

Ekoizpen, grabaketa eta nahasketa arduraduna: Jordi Matas

Koekoizpena eta grabaketa eta nahasketa laguntzailea: Joan Pons

Masterizazioa: Dave Cooley, Elysian Masters estudioan (Los Angeles, Kalifornia, AEB)

Musika eta letra guztia: Gorka Urbizu

Grabaketa sesioetako musikariak:

  • Gorka Urbizu: ahotsa eta gitarra
  • Jordi Matas: baxua, gitarra eta teklatuak. Bateria "Sute bat" kantuan
  • Joan Pons: bateria "Janela bat", "Maitasun bat" eta "Besterik ez" kantuetan
  • Ferran Palau: bateria "Tren bat" eta "Kolore bat"’ kantuetan
  • Ildefons Alonso 'Ildu': bateria "Toki bat", "Teoria bat" eta "Lilura bat" kantuetan

Azaleko margolana: Heather Horton

Diseinua: Ander X. Tejadas

Promozio argazkiak: Ibai Arrieta

Azpizigilu Bat / Only In Dreams-ek argitaratua

Management-a: Panda Artist Management

Webgune ofiziala: www.gorkaurbizu.eus

KANTU ZERRENDA

A)

1. Maitasun bat

2. Teoria bat         

3. Tren bat

4. Toki bat

5. Janela bat

B)

6. Kolore bat

7. Lilura bat

8. Etxe bat

9. Sute bat

10. Besterik ez

GORKA URBIZU

Gorka Urbizu Ruiz (Lekunberri, 1977) musikari, konpositore eta ekoizle euskalduna da. Berri Txarrak taldeko abeslari eta gitarrista izandakoa, besteak beste kantugintzan eta letragile gisa egindako bideagatik da ezaguna.

14 urte besterik ez zituela sortu zuen bere lehendabiziko taldea, pianoan idatzitako kantuak oholtzara eramateko asmoz. Ordutik, diskogintza eta zuzenekoei lotutako bizimodua darama egile nafarrak. Berri Txarrakekin mundu oson barna mila kontzertutik gora emateaz gain, hainbat egitasmo interesgarri jarri izan ditu abian, gustu musikal eklektikoa eta eten gabeko bilaketa artistikoa erakutsiaz; hala nola: KATAMALO (poesia eta musika akustikoa nahastuz) edo PEIREMANS+ (power pop doinuetatik gertuagoko taldea).

2024ko urtarrilean, ezustean Hasiera bat diskoa kaleratu du. Bere izen propioarekin sinatzen duen lehendabiziko lana da hau, modu horretan hainbat urtetako isilunea urratuz. Impasse aro honetan, baina, Gorka Urbizu ez da geldirik egon. Besteak beste, ekoizpenaren munduan murgildu da (La M.O.D.A. taldearen Nuevo Cancionero Burgalés diskoarekin egin zuen debuta 2022an); halaber, hainbat kolaborazio grabatu ditu, esaterako Cala Vento Gironako taldearekin Casa Linda diskorako egindakoa.


Laburrean

  • Egileak Gorka Urbizu
  • DiskoetxeaOnly In Dreams
  • Zenbatekoa29,95 € (luxuzko biniloa) / 21,95 € (biniloa) / 11,95 € (CD)
  • FormatuaBiniloa / CD / Digitala
  • HizkuntzaEuskara
  • Argitalpen-urtea2024
  • EskuratuErosi