BAKE LEHORRA
Europan bonben izua berriz sentitzen hasi garenean, Bake lehorrak gogora ekartzen digu erraza dela gerraren metxa piztea eta, aldiz, oso zaila dela itzaltzea. Gerra zaharren gaizki itzalitako txingarrek gerra berriak berpizten dituztela.
Bake lehorrak XIX. mendeko gerra zibil batez hitz egiten digu, euskaldunen artekoa, gure etorkizuna baldintzatu duena. Gaur egun darabiltzagun kontzeptu asko, ezkerra-eskuma, liberalismoa-integrismoa, erligioa-laizismoa, espainolismoa-fuerismoa-independentismoa... gerra zibil haietan gorpuztu ziren. Duela gutxira arte pairatu dugun gatazka armatua, orduko sute horien txingarretatik sortu zen.
Nor garen, nondik gatozen eta norantz goazen ulertzeko, ezinbestekoa da orduan gertatu zena jakitea.
AMOREBIETAKO ITUNA. GURE HISTORIAKO GERTAERA EZEZAGUNA
Amorebietako Ituna Bigarren Gerra Karlistan bakea ezartzeko ahalegin bat izan zen, gerra piztu eta hilabete gutxira. Itun horrekin ez zen inor kontent geratu, ez karlistak, ez liberalak.
Aste batzuk geroago, alde biak gerran murgildu ziren berriro. Anaien arteko gerra, odoltsua, basatia, lau urtez luzatuko zena.
Bake lehorra gertaera horren eszenaratzea da. Gure historian garrantzitsua bezain ezezaguna den gertaera, hain zuzen. Kontakizuna erudiziotik eta historizismotik aldentzen da. Giza harremanetan kokatzen du fokoa, alde emozionalean.
SINOPSIA
Amorebietan, Serrano Generala eta Orue Diputatua bakea negoziatzen ari dira, amultasun diplomatikoaz gozaturiko giroan; piramide sozialean apur bat beherago, ateaz bestaldean, alde biotako ofizialek (karlista eta liberala) politikarien segurtasuna babesten dute, elkarren arteko gorrotoa eta mespretxua aireratzen duten bitartean; gizarte eskalan beherago, Morgako kanpaleku karlista batean, karlistak soldadu liberal bat fusilatzera doaz, baina exekuzioa eteten da, bake-itunaren emaitza argitu arte; une hartan bertan, bederatzi legoatara, Oñatiko kanposantuan, bi nekazari negarrez ari dira, haur baten hilobiaren aurrean, liberalen eta karlisten arteko liskarraldi batean irtendako bala galdu batek hildako haurra; inork ez daki bala zein aldetik irten zen.
Eszena horiek guztiak tartekatu eta kateatzen dira narrazioan. Zenbat eta gorago joan gizarte mailan, handiagoa da sarraskian duten erantzukizuna. Zenbat eta beherago joan, handiagoa da sarraskiak sortutako sufrimendua. Handiagoa erremina eta gorrotoa.
FITXA