Arabako Arma Museoa

  • Twitter-ren partekatzea
  • Facebook-en partekatzea
  • Arabako Arma Museoa

Hirurogeiko hamarkadan, Félix Alfaro Fournier jaunak Arabako Foru Aldundiari arma eta askotariko gauzen multzo bat laga zion. Arabako Arma Museoaren jatorria izan zen hori. Bilduma ondoko hamarkadetan gehituz joan zen, erosketak eta beste dohaintza batzuk zirela medio.

Gobeo-Gebara-San Juandarren armarridun etxea, hirigune historikoan zaharberritutako eraikina, Arma Museoa eta Arkeologia Museoa biltzen zituen egoitza bihurtu zen, 1966an. Laster, lekurik eza zela eta, nabarmendu egin zen bilduma egokiro erakutsi ahal izateko toki batera aldatu beharra zegoela; horrela, Arabako Foru Aldundiak Ajuria Enea jauregia erosi eta gero, horri erantsitako eraikuntzak egokitu egin ziren, Arma Museoa, gaur egun ezagutzen dugun bezala, 1975az gero bertan kokatu ahal izateko.

Bilduma, funtsean, Historiaurretik XX. mendearen hasierara arteko eraso eta defentsa-armek eta horiekin loturiko tresnek osatzen dute, baita informazio osagarria ematen duten zenbait osagai ere. Hori guztia bi solairutan banatzen da eta irizpide kronologikoen arabera antolatuta dago.

Arabako Arma Museoaren garrantzia ez datza bilduman bakarrik; horrez gainera, XIX. mendearen azkenaldeko eta XX.aren hasiera aldeko Euskal Herriko armagintza garrantzitsua agertzen du, arma-lantegi eta fabrika asko sortu ziren garaikoa, horiek ere Museoan azaltzen direlarik.

Historiaurreko armak eta beren bilakaera teknikoa, erabilera arrunteko gauzetatik abiatuta, azaltzen dira. Metal Aroko arma zurien oinarrizko motak ikus daitezke, lehen brontzez eta gero burdinaz eginak, hala nola falcata izenekoak –Penintsularen ekialdearen bereizgarria den ezpata makurrak-. Erdi Aroko hainbat balezta azaltzen dira. Arma hauek arkua ordeztu zuten, indar eta helmen handiagoa baitzuten, eta garrantzi handienekoak izan ziren su-armak hedatu ziren arte. Interes berezia dute Gasteizko goialdean egindako indusketetan aurkitutako kamisoteak, ezpata laburrek eta beste arma batzuek. XII. mendearen amaiera aldean datatuak dira.


  • LekuaFrai Francisco Vitoria Ibilbidea, 3 - Vitoria-Gasteiz 1007
  • MotaKultur zentroak
  • KategoriaMuseoak
  • OrdutegiaAsteartetik larunbatera: 10:00-14:00 eta 16:00-18:30, igande eta jaiegunetan: 11:00-14:00, astelehenetan itxita (jaiegunak izan ezik).
  • Telefonoa945181925
  • Emailamuseoarmeria@araba.eus
  • Webhttp://www.araba.eus/web/armamuseoa
  • ProgramazioaIkusi agenda

Non