San Telmo Museoa

  • Twitter-ren partekatzea
  • Facebook-en partekatzea
  • San Telmo Museoa
  • San Telmo Museoa
  • San Telmo Museoa

San Telmo Museoak XXI. mende berri honetako jendearengana iristeko ezinbestekoa den berritzeko eta handitzeko prozesua burutu du. Proiektu honen ardatza Urgull mendian txertatuta dagoen "altxor" arkitektoniko txikia da; Nieto eta Sobejano arkitektoek diseinatu dute eta fatxada oso berezia du, elementu begetal eta guzti.

1932. urteaz geroztik museoaren kokaleku izan den XVI. mendeko komentu domingotarrari eraikin berri hori gehituta, San Telmo Museoa toki oso berezi bihurtu da, Donostiako erdialdean, Alde Zaharrean.

Dena den, gehien ikusten den alderdia bada ere, museoa berritzeko garaian ez dugu soilik arkitektura-metamorfosia egin; kontzeptua bera berrikusi dugu, hau da, museoaren definizioa, helburuak eta funtzionamendua, San Telmo berria Euskal Gizartearen eta Herritarren Museoa baita orain, bildumen interpretazio berria eginez.

ERAIKINA 

Berrikuntza-lanak amaituta, San Telmo Museoa berriz zabalik dago; orain, ekipamendu moderno eta handiagoa da, erosoagoa eta zerbitzuak eskaintzeko aukera handiagoak ditu. Museoaren antolaketa berrian bi zati bereizten dira: San Telmo jatorrizko eraikina eta pabilioi berria.

XVI. mendean eraikitako komentu domingotarra izaki, San Telmoren jatorrizko eraikina prozesu baten emaitza da; hain zuzen ere, urteak joan, urteak etorri, ezaugarri fisikoak eta funtzionalak partzialki eraldatu dituen aldaketa-prozesu luzearen emaitza. Gipuzkoako arkitekturan ale bakartzat hartzen da, estilo gotikoa eta errenazentista uztartzen baititu, arkitektura “isabelinoa” esaten zaion estiloa sortuz. Berezitasun bat nabarmentzearren, klaustroaren kokapena aipatuko dugu, izan ere, elizaren alde batean eraiki beharrean, elizaren behealdean eraiki behar izan zuten, Urgull mendiak ez zuelako tokirik uzten.

San Telmoren pabilioi berria Nieto eta Sobejano arkitektoek diseinatu dute. Hiriaren paisaiarekin eta Urgull mendiarekin bat egiten du eta lehen begiratuan, landare-elementuak dituen horma berri bat ikus daiteke, sakona eta arina, barruan bi pabilioi berri ezkutatzen dituela. Pabilioi horietan erakusketa iraunkorra eta aldi baterako erakusketak egongo dira, baita museoak eskaintzen dituen zerbitzuak ere.

Eraikin berriaren diseinuan bihurgune eta norabide-aldaketa txikiak atzematen dira eta, horiei esker, Urgull mendira oinez igotzeko irtenbide natural bat sortu da, aire zabaleko erakusketa-espazioak eratzeko aukera emanez.
 
 
 

Non

Euskadi, auzolana