Joan den 2020an lau hamarkada bete ziren ALBE Algortako Bertsolari Eskolaren bidea hasi zenetik. Denbora honetan etengabe aritu dira ekintzak antolatzen eta eskualdea dinamizatzen, beti bertsoak erdigunean. Pandemiak berak ere ez zuen bere egutegia zurian jarri. Urtebete geroago, ohiko ospakizun-galarekin esango diote agur abenduari. Haiekin partekatu dugu beren ibilbideagatik egindako bidaia hau. Eskolako lantaldearen laguntzarekin errepasatu dugu bere ibilbidea.
Zein testuingurutan sortu zen Algortako Bertsolari Eskola? Zer helburu bilatzen zituen?
Franco hil eta ostetxoan sortu zen ALBE, 1980an, hain zuzen ere. Urte emankorrak izan ziren haiek euskalgintzarako eta euskal kulturarako, oro har: ikastolak eta ikastetxeak, gau-eskolak eta euskaltegiak, euskararen aldeko ekintza kolektiboak… Algortako Bertsolari Eskola giro hartantxe sortu zuten Trino Azkoitiak eta Andoni Iriondok, eta herrian zein eskualdean asko lagundu zuen indartsu zetorren euskaltzaletasun hura gorpuzten eta bideratzen.
Hasierako helburuak apalak izan ziren: euskararentzat arnasgunea izatea, eta bertsoen aitzakian lagunartean ondo pasatzea.
ALBE historia luzeko eskola da. Zein izan da 40 urte hauetan egin duen ibilbidea?
Ibilbide luzean beti izaten dira gorabeherak. Eskola indartsu sortu zen 80an, baina gero, denbora-garrenean, despuztuz joan zen apurka-apurka.
Joera murriztaile hura iraultzeko, 1989an eskualdeko ikastola nagusietan bertsolaritza ematen hasi ginen, ikastorduz kanpoko jarduera gisa. Bete-betean asmatu genuen. Haur pila bat inguratu zitzaigun, euretariko asko erreferente izango zirenak, eta oraindik ere badirenak, bertso munduan.
Hurrengo bi hamarkadetan goranzko progresioan joan gara alor guztietan: transmisioan, sustapenean eta ikerkuntzan, besteak beste.
Gaur egun 30 saiotik gora egiten dugu urtean, ikasle pila bat daukagu han hemengo ikastetxeetan, bat-bateko talde indartsuak ditugu, 15 laguneko zuzendaritza engaiatua, eta bertsozale talde itzela, gogotsu hartzen duena parte antolatzen ditugun ekitaldietan. Zer gehiago eskatu daiteke?

[2019ko Bertso Maratoian hartutako irudi bat. Argazkia: ALBE]
Eta nola aldatu da ikasleen profila denbora honetan?
Oraingo ikasleak txapelketazaleagoak dira lehenagokoak baino. Teknika aldetik zorrotzagoak. Oro har, bertsolaritzan adituagoak. Eta gogo biziz bizitzen dituzte txapelketak zein bertsolarien ibilerak.
Hori bai, ikasleen arteko giroa beti bezain on eta beroa daukagu. Horretan ez dira aldatu, ez eskola, ez ikasleak. Bestetik, adin eta estilo desberdinetako jendea batzen zen, eta batzen da, bertsolaritzaren inguruan.
Eskolak komunitate-sentimendu handia sortu du, bertsolarien, ikasleen, gurasoen eta zaleen babesarekin. Zuen ustez, zein izan da arrakasta horren gakoa?
Beharbada faktore batek baino gehiagok eragin izan dute hor. Batetik, ALBEkideon militantzia eta altruismo historikoa egon daiteke; bestetik, bertsolarien eta bertsozaleen familien hurkotasun eta prestutasuna; eta hirugarrenik, agian, bertso eskola indartsu bateko partaide sentitzearen harrotasun eta konplizitatea.
Ildo horretan, ALBE Uribe Kostako kultur eragile nabarmenetako bat da. Nola lantzen dituzue beste eragile batzuekiko harremanak, zer garrantzi ematen diozue lan honi?
Garrantzi handia ematen diogu horri. Historikoki beti konpondu izan gara ondo erakunde, elkarte zein talde eragileekin. Gu beti gaude prest euskararen edota bertsogintzaren alde daudenekin lan egiteko.
Era berean, herriko eta eskualdeko erakunde zein elkarteek ere borondatea erakusten dute beti gurekin jarduteko. Hori pribilegioa dela ezin ukatu, denbora luzean lan asko eginez lortutako pribilegioa, alegia.
Pandemiak erabat baldintzatu zuen ALBEren urteurrena, eta bertsolaritzan izan duen eragina aski ezaguna da. Nola bizi izan zenuten/duzue eskolan? Posible al da esperientzia horretatik arlo positiboren bat aurkitzea?
Egia da pandemiak gure 40. urteurrena urardotu egin zuela, baina azpimarratu behar dugu, hala ere, lan gogorraren poderioz aurreikusita geneukan bertso agenda osorik gauzatzea lortu genuela; kostata baina!
Esperientzia horretatik gauza bi ikasi ditugu, gutxienez. Bata, zer zaurgarria den euskal kultura orokorrean, eta bestea, talde sendo bat dagoen tokian edozeri eman dakiokeela buelta.

[Aurtengo "Balkoitik balkoira" bertso-saio berezian hartutako irudi bat. Argazkia: ALBE].
Abenduaren 12rako iragarri duzue urtero egiten duzuen ALBE GALA. Zer nolako ekitaldi mota antolatu duzue?
ALBE GALA ekitaldi askotarikoa izaten da. Batetik, gure bertso urtearen errepasoa egiten dugu beti, irudiz eta doinuz.
Bestetik, puntako bertsolariak ekarri ohi ditugu. Aurten Maialen Lujanbiok eta Andoni Egañak lagunduko digute. ALBEko bertsolariek ere hartuko dute parte, aurtengoan ALBE GALAren antolakuntzaz arduratzen den batzordeak gura izan duelako ekitaldia ohi baino parte hartzaileagoa izatea.
Balendin Enbeita bertso-paper lehiaketako sariak ere banatuko ditugu bertan. Eta amaitzeko, cocktaila izango dugu, landetatar aita-semeen bertso, kantu eta doinu ederrez lagundurik.
Hori guztia abenduaren 12an, igandea, Igeretxe hoteleko Abra aretoan, 12:00etan hasita. Inork harako interesik badu, guregana jotzea baino ez dauka. Ekitaldia doakoa da, baina aurretik gure gonbidapena behar da. Deitu edo imeildu: 605 704 385 / albegetxo@gmail.com
Zeintzuk dira ALBEk etorkizunean izango dituen erronkak?
Gure erronka nagusia lortu dugun eta daukagun guztiari eustea da, eta ez da makala! Gure taldeen arteko kohesioari eustea. Antolatzen ditugun saioei eustea. Ematen ditugun eskolei eustea.
Zorionez jende berria hurreratzen da eskolara. Oso jende fina. Gazte asko dabil, neskak, mutilak… beteranoak ere hor daude, beti laguntzeko gertu. Okerrik ezean, orain arte legez jarraituko dugu, bertsolariak sortzen eta trebatzen, euskaldunak bertsozaletzen, eta bertsozaleei era guztietako bertso ekitaldiak eskaintzen. Hori guztia, kultur elkarte eta erakundeekin elkarlanean. Eta ea 2025ean behar bezala ospa dezakegun ALBEren 45. urteurrena!!!
(2021eko abenduaren 1ean argitaratutako Berezia).