Gasteizko ICOFF Jaialdia, txikiaren handitasuna

  • Gasteizko ICOFF Jaialdia, txikiaren handitasuna

Gasteizko lehen nazioarteko film laburren jaialdia inauguratuko da datorren astean Arabako hiriburuan. ICOFF apirilaren 4tik 9ra bitartean ospatuko da, sorkuntza eta ekoizpen zinematografikoan eskarmentu handia duten Sonia Pacios eta Kepa Sojoren gidaritzapean. Une honetara iritsi arte egindako lana errepasatuko dugu haiekin batera, baita lehen edizioaren aurreko itxaropen eta ametsak ere.


Nola sortu zen jaialdi hau martxan jartzeko ideia?

Gasteizen nazioarteko film laburren jaialdia falta zen. Urteak daramatzagu ideia aztertzen, eta, azkenik, Vital Fundazioaren laguntzarekin, abentura berri honetara goaz.

Nazioartekotasunak, nolanahi ere, ez du baztertzen euskal film laburrekiko eta euskararen erabilerarekiko dugun interesa, horiek ere beren lekua izango baitute.


Zergatik interesatzen zaizkizue film laburrak? Zein dira mota horretako lanen balio nagusiak?

Film laburrek istorio handiak laburbiltzen dituzte denbora gutxian. Film luzeei dagokienez, ipuinaren eta literaturako nobelaren antzeko konparazioa da. Haien balioa istorio bat denbora laburrean kontatzea da.

 

[Kepa Sojo eta Sonia Pacios Arantxa Ibañez de Opacua Vital Fundazioko zuzendariarekin, Jaialdiaren programaren aurkezpenean].


Zer zailtasun izan dituzue hutsetik hasten den horrelako topaketa bat antolatzean?

Hutsetik hastea beti da konplikatua, jaialdiak antolatzen esperientzia izan arren.

Babesle izan daitezkeenak jaialdiaren bideragarritasunaz konbentzitzen saiatzea eta ikusleak erakartzen saiatzea dira gure erronka nagusiak.


Biek ala biek ibilbide luzea duzue ikus-entzunezkoen sorkuntzan eta ekoizpenean. Zein alderditan erraztu dizue gehien lana aurretiazko esperientzia horrek?

Aurreko esperientziak beti laguntzen du. Euskal eta estatuko zinemaren parte gara, eta jende guztia ezagutzen dugu. Alde horretatik, harremanak egitea ez da zaila izan.


ICOFF nazioarteko jaialdia izateko asmoarekin sortu da. Nola lortzen da film laburren nazioarteko zirkuituan kokatzea? Zein dira ezinbestekoak diren urratsak?

Euskal Herrian eta Estatuan film laburren nazioarteko jaialdi handiak daude, eta horiei erreparatzen diegu: Zinebi, Aguilar, Alcine, Donostiako Beldurrezkoa...

Haiek urte asko daramatzate eta nazioarteko tituluak aukeratzen laguntzen digute, hemendik eskertu nahi dieguna.

Hurrengo urteetan jaialdi gehiagorekin lan egin nahi dugu eta sinergiak bilatu. Kontu horietan asmatzen badugu, jaialdiak etorkizun ona izan dezakeela uste dugu.


Joan den otsailaren 18an amaitu zen lanak aurkezteko epea, momentuz estatuko eta tokiko esparrura mugatuta. Zer balorazio egiten duzue lehen deialdi horri buruz? Nolako lanak jaso dituzue?

Euskadiko eta estatuko 874 lan jaso ditugu, eta horietatik 44 aukeratu ditugu.

 


Lan zaila eta neketsua izan da, eta kanpoan geratu dira lan estimagarriak. Zinemaldi bateko unerik mingarrienetako bat hautapenarena da...

Fikzioa, animazioa eta dokumentala aukeratu ditugu, eta era guztietako film laburrak programatuko ditugu, gure lehiaketaren bokazioa orotarikoa baita.


ICOFF Jaialdiaren helburuetako bat Gasteiz eta Araba ikus-entzunezko produkzioaren mapan kokatzea da. Ildo honetan, zein dira indar-guneak eta zein alderditan egin behar da oraindik inbertsio handiagoa?

Azken urteotan film asko filmatu dira Gasteizen eta Araban. Eskerrak eman behar zaizkie tokiko agintariei beren dirulaguntza eta laguntzekin egindako ahaleginagatik.

Arabako zinema une interesgarrian dago, eta filmazioak erakarri behar dira gure lurraldera, horrek duen eraginagatik eta filmatutako lanen kultura-irismenagatik.


Zer sentsaziorekin esnatu nahiko zenukete itxieraren ondorengo egunean?

Gustatuko litzaiguke jendeak programazioaz gozatzea eta bisitatzen gaituzten zinegileek film berriekin edo filmatzeko gogoarekin itzultzeko gogoa izatea. Eta gustatuko litzaiguke jaialdiak jendeari entzutea eta hurrengo edizioetarako itxaropenak sortzea.


Nola irudikatzen duzue etorkizuneko ICOFF Jaialdia?

Film askorekin imajinatzen dugu, atzerriko bisitari askorekin beren lana aurkezten eta ikusleen harrera onarekin.

 

(2022ko martxoaren 31n argitaratutako Berezia).