Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, Chillida. Erabilera aplikatuak erakusketa aurkezten du (A1 aretoa, 2025eko otsailaren 2ra arte). Erakusketak ilustratzaile eta formatu askotako bi dimentsiotako ikonoen eta formen eratzaile gisa Eduardo Chillidak (1924-2002) izandako ibilbidea jasotzen du. Hori guztia bere erakusketen baitan edo erakunde eta elkarte publikoek zein pribatuek egindako enkarguetatik abiatuta egin zuen. Chillida. Erabilera aplikatuak erakusketa Peio Aguirrek komisariatu du eta eskultorearen diseinu grafikoarekin, kartelismoarekin, eta ehungintzako eta urregintzako artearekin izandako forma lauekiko zuzeneko eta zeharkako lotura azpimarratzen du. Baina marka-identitatearekin eta marketinarekin izandako lotura ere jorratzen du eta artistaren ondarearen ulermen sozial, politiko eta korporatiborako gunea sortzen du. Erakusketa Eduardo Chillida jaio zeneko mendeurrenaren baitan kokatuta dago eta Chillida Lekuren eta Eduardo Chillida - Pilar Belzunce Fundazioaren kolaborazioa eta Mondragonen laguntza jaso ditu. Erakusketa dela eta, Artium Museoak komisarioaren jatorrizko testua jasotzen duen argitalpena editatu du.
Chillida. Erabilera aplikatuak erakusketak 70 objektu baino gehiago biltzen ditu eta, Aguirrek «Chillidaren silueten unibertso hedatua eta errepikatua» deitzen diona arakatzen du. Bere hitzetan, «Esfera publikoan sakabanatutako Chillida» jasotzen du: obra grafikoa, marrazkiak eta zirriborroak, collageak, ehungintzako lanak, kartelak, argitalpenak eta beste elementu batzuk (eranskailuak eta marketineko produktuak, adibidez).
Lan horietako batzuk dira Eduardo Chillidaren erakusketetako kartelak, katalogoak eta liburuxkak, hainbat erakunderentzat (tartean Euskal Herriko Unibertsitatea edo Reina Sofía Museoa, adibidez) sortutako logotipoak, hainbat ekitalditarako kartelak (1972ko Municheko Joko Olinpikoak edo 1982an Espainian jokatu zuten Futboleko Munduko Txapelketa, esate baterako) edo manifestazio batzuetarako egindako kartelak (bakearen alde Euskadin egindakoak edo euskal kostalde ez-nuklearraren aldekoak). Erakusketan, gainera, José Luis Bakedanoren Chillida. Retrato en casa film dokumentala, 1983an ekoitzitakoa, dago ikusgai, eta baita Artium Museoaren Bildumako parte den Mano eskultura ere.