Irungo Udalak CBAko Kultura eta Sorkuntza Zentro berria inauguratu du, hainbat diziplina artistikoren egoitza

  • Irungo Udalak CBAko Kultura eta Sorkuntza Zentro berria inauguratu du, hainbat diziplina artistikoren egoitza

Gaur goizean, Irungo Udalak CBAko Kultura eta Sorkuntza Zentroa inauguratu du, ekitaldi instituzional baten bidez. Datozen hiru egunetan, berriz, programazio oparo bati esker, azpiegitura berrian landu daitezkeen diziplina artistikoak ezagutu ahalko dituzte herritarrek, bertan jorratuko diren ekimen kultural eta sortzaileak.

Ekitaldia IrekiART izeneko gune irekian izan da, eta hiriko alkate Cristina Labordak eta Kulturako diputatu Goizane Álvarezek hartu dute hitza.

Alkateak azpimarratu duenez, "gune berri honi esker, Irunek beste pauso bat eman du kultur munduan erreferentziazko hiria bilakatzeko helburua lortzeko bidean. Argi eta garbi dugu: Irungo espazioak elkarrekin harremanetan egon daitezen ez ezik gelditzera eta haietaz gozatzera gonbida gaitzaten nahi dugu". Labordak gogorarazi du inaugurazioak CBA liburutegiaren hamargarren urteurrenarekin kointziditu duela, eta zera erantsi du: "modu honetan, iragana eta etorkizuna lotzen ditugu gure hiriaren bihotzean. Garenaren erakusgarririk hoberena, hain zuzen, estilo berriak, adierazpen berriak eta hizkuntza berriak integratzeko irekitzen diren adarrei zentzua ematen dieten sustrai sakonekin. Izan ere, ez dago kultura baino gehiago batzen duen hizkuntzarik".

Kulturako diputatuaren esanetan, berriz, "Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentua oso harro dago CBA handitzen lagundu izanaz, zentro berriak sortzeko, ikasteko eta kulturaz gozatzeko aukera gehiago emango baitizkie herritarrei. Gune berriak areto moderno eta moldakorrak ditu, eta, gainera, bertako talentuaren balioa nabarmentzen du, eta lurraldeko kultur ehuna sendotzen. Sinetsita gaude kultura pertsona guztiek erabili ahal izan beharko luketen eskubide bat dela, eta elkarrekin lan egiten dugunean gizarte sortzaile, anitz eta inklusiboagoa eraiki dezakegun adierazgarri dira honelako zentroak. Horregatik, zorionak Irungo Udalari eta Udaleko lantalde osoari, kulturaren eta sormenaren etxe berri bat gorpuzteagatik".

Zuzeneko musika, zinema, industria sortzailea, bitartekaritza, arte eszenikoak eta arte-erakusketak izango dira hiru eguneko jardueren protagonistak. Irungo Udalak, Kultura arloaren bitartez, gune berri honen ardatz eta adierazpen artistikoak izango direnak erakutsi nahi dizkie herritarrei.

Horrela, inaugurazio-programazioa izango da adibide garbia egun horietan kultur zentroa zuzenean ezagutzera hurbiltzen direnek ezagutu dezaten CBAren handitze horrek herritarrei eskaintzeko duen potentziala.

Kultura eta Sorkuntza Zentroa

Zentro berriak bikoiztu egiten du egungo espazioa eta 2.400 m2 gehiago dituela, eta hori, erabilera desberdinetarako aretoak dituen zentro balioaniztun batean islatzen da, adibidez IrekiART, hitzaldi, ikus-entzunezko eta erakusketetarako plaza moduko gune bat, formatu desberdinetako erakusketak hartzeko gai dena; Irun Zuzenean, konfigurazio desberdinak ahalbidetuko dituen areto eszeniko bat biltegi, kamerino, komun eta beste zerbitzu batzuekin; Gazteria arloko zenbait zerbitzutarako espazio berri bat, Kontenporanea, sorkuntza artistikorako gune berri bat; eta CBA liburutegiaren egungo ikasketa-gela handituta.

Ikusi hiru inaugurazio jardunaldietako programazioa

www.irun.org

  • DataIrailak 11
  • Gaia Sektore anitz