Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa, Artium Museoa, bultzada berezia ematen ari zaio, azken urteetan bere bildumarekin edo/eta erakusketa-programarekin lotura izan duten artisten artxiboak eta funts dokumentalak berreskuratzeko, katalogatzeko eta ezagutzera emateko eginkizunari. Artistek beren jarduera profesionalean zehar sortutako materialak biltzen dituzte artxibo eta funts horiek, eta, hala, haien ibilbideak dokumentatzen dituzte. Berriki, Esther Ferrerren (Donostia 1937) artxiboko materialak eskuratu ditu museoko Dokumentazio Zentroak, eta 2025ean zehar landu dituen beste zenbait artisten materialei gehitu zaizkie, hala nola Gema Intxausti (Gernika, 1966) eta José Félix González Placer (Vitoria-Gasteiz, 1951–1991) artistenei. Artxiboko material horiek ikertzea eta katalogatzea funtsezko zereginak dira memoria kontserbatzeko eta ezagutza sortu eta zabaltzeko.
Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, bere helburuen artean du Bildumari eta museoaren programei loturiko artisten dokumentu-ondarea kontserbatzea. Artxibo eta funts dokumentalek osagai dituzte artistek eta kultura-eragileek beren jarduera profesionalean zehar sortutako materialak, eta, hala, haien ibilbideak dokumentatzen dituzten material multzo antolatuak dira. Horietan jasota daude artisten lanaren memoria eta lan hori ahalbidetu duten prozesu, ideia eta erlazioak ere. Eta biziki baliotsuak dira lekukotasun bakoitzaren izaera bereziagatik nahiz materialen izaera heterogeneo eta zabalagatik: gutunak, idatzi pertsonalak, zirriborroak, testu argitaragabeak, proiektuak, material grafikoak eta ikus-entzunezkoak, prentsako ebakinak, gonbidapenak eta jarduera artistiko profesionalari loturiko bestelako dokumentuak.