Gaur, Muxikebarri zentroan, Getxo Kulturak eta Pinillesca kolektiboak bultzatutako "Ramiro Pinilla" Eleberri Laburren Lehiaketaren zortzigarren edizioaren irabazleak jakinarazi dira. Nerea Balda Sanjuanek euskarazko lan onenaren saria eskuratu du eta Paula Hoyos Gómezek gaztelaniazko testu onenari emandakoa. Gainera, Malen Onandia San Juan eta Inés Sánchez Ordoño bertako ikasle gazteak saritu dituzte "Txiki Baskardo" Haurrentzako Kontakizunen Lehiaketan, euskarazko eta gaztelaniazko modalitateetan, hurrenez hurren.
Zure arnasa zaintzeko, euskarazko saria irabazi duen eleberria, Nerea Balda Sanjuanek (Irurtzun, 1975) lana da. Istorio horren bitartez, egileak familia baten unibertsora ez ezik, ezaguna den unibertso batera ere lekualdatzen du publikoa, estilo garden, sentikor, sinesgarri eta umoretsu batekin, pertsonaiekiko enpatia sortzeko gai dena, amaren eta alabaren arteko harreman konplexuak eta nerabezaro hain konplexuaren gorabeherak ulertzeko eta adierazteko gaitasun handia duena. Euskal Filologian lizentziaduna eta Altsasu BHIko euskara irakaslea, egile nafarrak hirugarren aldiz irabazi du lehiaketa hau; izan ere, 2018an Atzerrian eleberriagatik lehen edizioko saria eskuratu zuen eta 2022an gauza bera egin zuen Azpimarrak lanarekin. 2022. urtean ere, Iruñeko Udalak bultzatutako Euskarazko Sortzaile Berrien Lehiaketaren 27. edizioan ere irabazle izan zen.
Bestalde, Paula Hoyos Gómezek (Aguilar de Campoo, 1992) gaztelaniazko eleberri onenaren saria eskuratu du Dormir fuera de casa lanarekin, estilo zehatz eta ia dokumentalista duen kontakizun koralarekin. Egileak, bere istorioan, nahigabe eta gogaituta dagoen gizarte baten norabiderik ezari heltzen dio, atzeratutako hegaldian eta abiatzen ez diren bizitzetan bat egiten duten pertsonaien barruan sakonki sartuz, non ia bidaiari gisa ibiltzen diren. Farmazian graduatua eta Giza Zientzietako ikaslea, Hoyos Bartzelonan bizi da eta testu honekin eleberriaren arloan egin du debuta, nahiz eta aurretik hainbat kontakizun-lehiaketa irabazi dituen, horien artean María de Maeztu Lehiaketa (2023) nabarmentzen delarik.