Uztailaren 1etik 5era, Getxok berriro irekiko du jazzaldien denboraldia Euskadin bere 49. edizioaren eskutik. Aurtengo egitarauaren buruan ordainpeko kontzertuak izango dira Getxo Jazzean. Kontzertu horietan Moisés P. Sánchez, Camille Thurman, Charles Lloyd, Immanuel Wilkins eta 'Latin Miles”'Pepe Rivero kubatar piano-jotzaileak gidatutako Miles Divesen omenezko proiektua nabarmentzen dira. Horiez gain, Talde Lehiaketako talde gazteen emanaldiak eta doako kale-programazio zabala izango dira Algortako Geltokia plazan, baina baita, lehen aldiz, Muxikebarri parean eta Areetako hiri-ingurunean ere. Ordainpeko kontzertuetarako sarrerak eta abonamenduak salgai daude jada Getxo Kulturako ohiko kanaletan.
Abonu kontzertuen proposamena (Muxikebarri; 22:15) uztailaren 1ean hasiko da Moisés P. Sánchez piano-jotzaile eta konpositorearen eskutik. Grammy Latinorako izendatua, bi aldiz Musika Independentearen MIN Saria irabazia, artista madrildarra Espainiako jazz-eszenaren balio nagusietako bat da, non hainbat hamarkada baitaramatza jazzetik irekitzeko gai den hizkuntza propioa garatzen, hala nola musika garaikidea, rock progresiboa edo soinu sinfonikoak, haria eta emozioa inoiz galdu gabe. Getxon, besteak beste, 'Dedication II' azken laneko kantuak joko ditu, eta laukotera itzuliko da duela hamabost urte New Yorken grabatutako izen bereko diskoaren lehen zatiari jarraipena emateko, freskotasunez eta pultsu adierazkorrez betetako obra lortuz. Horretarako, Javier Vercher (saxo tenorra), Toño Miguel (kontrabaxua), Naima Acuña (bateria) eta, gonbidatu berezi gisa, Cristina Mora abeslaria izango ditu lagun.