La M.O.D.A. eta Janus Lester Leioan izango dira irailaren 19an, udalerriaren 500. urteurrena dela eta , doako kontzertu handi batean

  • La M.O.D.A. eta Janus Lester Leioan izango dira irailaren 19an, udalerriaren 500. urteurrena dela eta , doako kontzertu handi batean

Leioako Udalak oso kontzertu berezia antolatu du datorren irailaren 19rako, udalerriaren 500. urteurreneko egitarauaren barruan. Egun horretan, La M.O.D.A. eta Janus Lester igoko dira agertokira, DOW Chemical enpresaren lursail zaharretan, Toyota kontzesionarioaren ondoan (Iparragirre 104), doako kontzertu handi bat eskaintzeko. Horrez gain, Still Rising taldeak ere joko du; izan ere, Leioako Udalak antolatutako Hamaika Soinu musika-lehiaketaren irabazlea izan da.

Kontzertua 500. urteurreneko egitarauko ekitaldi nagusietako bat izango da, eta giro aparta sortzea espero da. Iban Rodríguez Etxebarria Leioako alkatearen hitzetan, “leioaztarrek gure herriaren 500. urteurrena bezalako ospakizun berezi baten mailako kontzertuaz gozatzeko aukera izango dute. Une honetan erakargarrien eta zuzeneko indartsuenetako bi talde Leioara etortzea eta, gainera, tokiko talde batekin agertokia partekatzea albiste bikaina da. Elkarrekin gozatzeko gau aparta izango da”.

GOGOAN GERATUKO DEN GAUA

Kontzertua 19:00etan hasiko da Still Rising taldearen emanaldiarekin. Leioako Udalak antolatutako Hamaika Soinu lehiaketako irabazle gisa, aukera paregabea izango du bere rock doinuak 500. urteurreneko agertoki nagusian eskaintzeko.

20:30ean Janus Lesterren txanda izango da. Gaur egungo euskal musikaren panoramako artistarik nabarmenenetako batek bere abestirik ezagunenak eskainiko ditu Leioan.

Gaueko emanaldi nagusia, berriz, 23:00etan hasiko da La M.O.D.A. taldearekin. Urtez urte publikoaren maitasuna irabazi duen taldeak bere zuzeneko indartsua eskainiko du, zaleek gehien maite dituzten abestiekin.

LEIOAK ALTXOR BAT DAUKA

Gauean musikak protagonismo osoa hartu aurretik, Leioak emozioz beteriko goiz bat biziko du Leioak altxor bat dauka ekimenarekin. Iraganera begiratzeko eta herriaren memoria pertsonal zein kolektiboaren zati batekin berriz elkartzeko gonbidapena izango da.

Jardunaldiari 10:15ean emango zaio hasiera, ohiko Oinezkoaren Martxarekin. Urtez urte sendotu den hitzordua da, baina 500. urteurrena dela eta, aurten esanahi berezia hartuko du. Irteera Boulevardean izango da, eta Pinosolorainoko ibilbidea txaranga batek girotuko du, adin guztietako herritarrak elkartuko dituen giro alaia eta parte-hartzailea sortuz.

Pinosolora iristean ospakizun osoaren unerik hunkigarrienetako bat biziko da: duela 25 urte Leioako 1.500 ikasle inguruk lurperatutako altxorrak beren jabe legitimoei itzuliko zaizkie.

urtean, herriko ikastetxeetako ikasleek tupper txikietan jostailuak, argazkiak, marrazkiak, gutunak, mezuak eta haientzat berezia zen bestelako objektuak gorde zituzten. Ontzi haiek lurperatu ziren 25 urte geroago berriro irekitzeko promesarekin. Eta une hori iritsi da.

Garai hartako haur haiek heldu bihurtuta itzuliko dira, lur azpian utzitako altxor txiki hura berreskuratzera. Oroitzapenekin, haurtzaroko ilusioekin eta, kasu askotan, ikaskide ohiekin berriz elkartzeko une hunkigarria izango da. Bizipen partekatuak berriz gogoratzeko eta Leioaren memoria sentimentalaren zati bat berreskuratzeko aukera paregabea izango da.
Parte-hartzaileen aldez aurreko baimenarekin, berreskuratutako objektu horietako batzuk herritar guztientzat zabalik egongo den erakusketa grafiko baten parte izango dira, ekimen berezi honek sortutako ondare emozionala gorde eta partekatzeko helburuarekin.

Baina Leioak altxor bat dauka ekimenak ez dio soilik iraganari begiratzen. Etorkizunerako ondarea ere eraiki nahi du.
Pinosoloko baserrian, Leioako haurrek tupper berri bat jaso ahal izango dute etorkizunerako gorde nahi duten objektu, marrazki, argazki, gutun edo oroitzapenen bat gordetzeko. Altxor txiki hori eurek aukeratutako helduarekin partekatu ahal izango dute, eta 2026ko urriaren 31n lurperatuko da, Leioaren 500. urteurrenaren egun nagusian. Horrela, duela 25 urte hartutako konpromisoa berrituko da, beste mende laurden baten buruan berriro irekitzeko.

Leioako alkateak adierazi duenez, «duela 25 urte ekimen hau jolaserako gonbidapena izan zen, gure herriko haurrei egindako keinu bat. Gaur egun, haurtzaroan jolasak duen garrantzia ulertzen dugu, eta ekimen hau belaunaldiz belaunaldi iraungo duen konpromiso bihurtu nahi dugu».

Ekimen honekin eta jardunaldiari amaiera emango dion doako kontzertu handi honekin, Leioako Udalak memoria eta etorkizuna, emozioak eta musika uztartzen dituen ospakizuna proposatzen du, herritar guztiak Leioaren historian betiko geratuko den egun baten parte izatera gonbidatuz.

leioa.net

  • DataUztailak 29
  • Gaia Musika