Eli Tolaretxipik, Matias Mujikak, Jon Gerediagak eta Mikel Ayestaranek jasoko dituzte 2026ko Euskadi Literatura Sariak

  • Eli Tolaretxipik, Matias Mujikak, Jon Gerediagak eta Mikel Ayestaranek jasoko dituzte 2026ko Euskadi Literatura Sariak

Gaztelaniazko Literatura, Euskararako Literatura Itzulpena, Euskarazko Saiakera eta Gaztelaniazko Saiakera modalitateetan saritu dituzte, hurrenez hurren, Cuerpos pasajeros, Odisea, Izena eta izana: (hitz poetikoari buruz) eta Historias de Gaza: la vida entre guerras lanengatik.

Kulturako sailburuorde Andoni Iturbek gaur eman ditu ezagutzera 2026ko Euskadi Literatura Sarien Gaztelaniazko Literatura, Euskarazko Literaturaren Itzulpena, Euskarazko Saiakera eta Gaztelaniazko Saiakera modalitateetako irabazleen izenak, Gasteizko Montehermoso Kulturunean egindako aurkezpenean. Ekitaldian Ana López Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako zuzendariak eta saritutako egileek ere parte hartu dute.

Andoni Iturbe Kulturako sailburuordearen hitzetan, «lau obra hauek literaturak har ditzakeen adierazpide askotarikoak erakusten dituzte, poesiatik eta itzulpengintzatik saiakerara eta lekukotzara arte. Euskadi Literatura Sarien bidez, egileak ez ezik, literatura-sorkuntza posible egiten duen kultur ekosistema osoaren ekarpena ere aitortu nahi dugu. Literatura ez baita kultur adierazpen hutsa; errealitate desberdinak ezagutzeko eta mundua hobeto ulertzeko tresna ere bada».

Gaztelaniazko Literaturaren Saria: Eli Tolaretxipi

Gaztelaniazko Literaturaren Saria Eli Tolaretxipiri eman zaio, Ediciones Trea argitaletxeak argitaratutako Cuerpos pasajeros lanagatik.

Epaimahaiak poemategiaren kalitatea eta egilearen gaitasun linguistiko eta sortzailea nabarmendu ditu, sustrai surrealistako zenbait irudi iradokitzaile eta eguneroko errealitatearekin lotutako erretratuak uztartzeko duen trebetasunagatik. Halaber, lanaren kalitate linguistikoa, poemen erritmoa eta sorkuntza metaforikorako gaitasuna azpimarratu ditu.

Epaimahaiaren arabera, sakonera handiko lana da, zenbaitetan kutsu metafisikokoa, gogoeta eta irudimenaren ahalmena uztartzen dituena, irudietan oinarritutako pentsamendu poetiko eta sortzailea garatuz.

Eli Tolaretxipi (Donostia, 1962) Donostiako HEOko ingeleseko irakaslea, poeta eta itzultzailea da. Hainbat poema-liburu argitaratu ditu, besteak beste, Amor muerto-Naturaleza muerta, Los lazos del número, El especulador, Edgar, Incidental eta Clapotis. Itzultzaile gisa, Sylvia Plath, Elizabeth Bishop, Patti Smith, Aurelia Arkotxa eta Itxaro Borda bezalako egileen lanak ekarri ditu gaztelaniara.

Euskararako Literatura Itzulpenaren Saria: Matias Mujika Franco de Medinaceli

Matias Mujika Franco de Medinacelik jaso du Euskararako Literatura Itzulpenaren Saria, Balea Zuria argitaletxeak argitaratutako Odisea lanagatik.

Epaimahaiak «literatura unibertsaleko monumenturik handienetako baten itzulpen monumentala» dela adierazi du. Itzultzailearen trebetasun traduktologikoa ez ezik, testu erraldoi bati euskarazko forma literario zaindua emateko erakutsitako sormen-gaitasuna ere nabarmendu du.

Era berean, epaimahaiak azpimarratu du itzulpenak euskal klasikoen eta bertsogintza tradizionalaren ezagutza sakona erakusten duela, eta greziar literatura klasikoko obra nagusietako bat irakurleari modu atsegin eta erakargarrian hurbiltzea lortzen duela. Halaber, hitzaurrean itzulpen-prozesuari buruz egindako hausnarketa balioan jarri du.

Matias Mujika Franco de Medinaceli (Iruñea, 1961) itzultzailea eta editorea da. Filologia Klasikoko ikasketak egin ondoren, Itzulpen Masterra egin zuen. Frantsesetik, ingelesetik, alemanetik eta italieratik hainbat egileren lanak itzuli ditu euskarara; besteak beste, Goethe, Boccaccio, Maupassant, Joseph Roth eta Louis-Ferdinand Céline-renak. 2017an Euskadi Literatura Saria jaso zuen modalitate berean, François Villonen Testamentua lanaren itzulpenagatik.

Euskarazko Saiakeraren Saria: Jon Gerediaga

Euskarazko Saiakeraren Saria Jon Gerediagari eman zaio, Pamiela argitaletxeak argitaratutako Izena eta izana: (hitz poetikoari buruz) lanagatik.

Epaimahaiak azpimarratu du egileak hitz poetikoaren boterean murgiltzeko eta esanahien eraikuntzari buruzko hausnarketa partekatzeko duen gaitasuna. Lanak poesiari buruzko gogoetatik harago jotzen du, identitatea, izatea, denboraren joana, heriotza, maitasuna, natura eta gizakiaren existentzia bera bezalako gaiak jorratuz.

Epaimahaiaren ustez, kalitate handiko literatur saiakera da emaitza, tradizio poetiko jakin baten ezagutza sakona erakusten duena eta irakurlea hausnarketara biltzea lortzen duena.

Jon Gerediaga Goitia (Bilbo, 1975) poeta, antzerkigilea eta antropologian doktorea da. Literatura- eta antzerki-sorkuntzari lotutako ibilbide zabala garatu du, eta Filosofiako irakaslea da Lauro ikastolan. 2024an Euskadi Literatura Saria irabazi zuen Euskarazko Literatura modalitatean, Zeru-lurren liburua lanarekin.

Gaztelaniazko Saiakeraren Saria: Mikel Ayestaran

Mikel Ayestaran saritu dute Gaztelaniazko Saiakera modalitatean, Península argitaletxeak argitaratutako Historias de Gaza: la vida entre guerras lanagatik.

Epaimahaiaren arabera, lanak kazetaritzaren zorroztasuna eta kalitate literarioko narrazio-eraikuntza uztartzen ditu. Gaurkotasuneko kronika edo erreportajeen bilduma izatetik harago, Gazako errealitatea ulertzeko proiektu koherente eta bateratua proposatzen du, norbanakoen bizipenetan oinarritutako kontakizunen bidez.

Halaber, epaimahaiak nabarmentzen du lanak gatazkaren erdian bizi diren pertsonengan jartzen duela arreta, errealitate historiko eta politiko konplexu bati buruzko hurbilketa etiko eta gogoetatsua eskainiz. Heriotzak inguratutako testuinguruan ere, egileak bizitzaz hitz egiten duela azpimarratu du.

Mikel Ayestaran (Beasain, 1975) kazetaria eta idazlea da, Ekialde Ertainean espezializatua. El Faro de Ceuta eta El Diario Vasco hedabideetan lan egin ondoren, freelance gisa jardun du eskualde horretako gatazkak bertatik bertara kontatzen. Gaur egun, Istanbulen bizi da, eta handik egiten du lan Vocento taldearentzat eta EiTBrentzat. 5W nazioarteko informazio-kolektiboaren sortzaileetako bat da, eta hainbat lan argitaratu ditu Ekialde Ertainari buruz.

Sari banaketa ekitaldia

2026 Euskadi Literatura Sariak emateko ekitaldia datorren azaroaren 20an izango da, 18:00etan Bilboko Euskal Museoan.

Euskadi Literatura Sariak

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak urtero ematen ditu Euskadi Literatura Sariak, literatura-sorkuntzaren bikaintasuna eta euskal kulturari egindako ekarpena aitortzeko.

Saridun bakoitzak 18.000 euroko diru-saria jasotzen du. Horrez gain, saritutako lana beste hizkuntza batean argitaratzen bada, 4.000 euroko laguntza osagarria ere jaso dezake. Sari hauen bidez, Eusko Jaurlaritzak literatura-sorkuntza, talentu artistikoa eta obren nahiz haien egileen zabalkundea sustatu nahi ditu.

*Oharra: Prentsa-ohar honetan epaimahaiaren balorazioen laburpena jaso da. Balorazio horien testu osoak eta hitzez hitzekoak prentsa-dosierrean daude eskuragarri.


  • DataUrriak 21
  • Gaia Literatura