Bigarren urtez azaroaren 12an egingo da Ilustrazioaren Eguna, euskal ilustrazioaren eguna, eta ekintzak egingo dira aldi berean Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Iparralden eta Nafarroan. Jardunaldia Feillet ahizpen oroimenari eskainita dago. Izan ere, ahizpak ilustrazioaren aitzindariak izan ziren eta Euskal Herrian zehar ibili ziren XIX. mendean lehenengo gida turistikoak egiten.
Hélène (1812-1889) eta Blanche Feillet (1815-1886) Baionan kokatu ziren 1834an, eta han igaro zuten euren bizitzen zati handi bat. Era berean, marraztu zituzten ibilbide asko egin zituzten handik, eta horietatik sortu ziren aipatutako gidak. Horregatik, aurten jardueren gai nagusia izango da: Bidaia.
Garai horretan ez zen hain ohikoa emakume egileak egotea, baina azpimarratzekoak dira ahizpen lorpenak. Hélèneri enkargua egin zioten El artista aldizkarirako irudistatzeko José de Esproncedaren «La canción del pirata (Pirataren abestia)» poema ezaguna. Blancheren kasuan, bere aita ordezkatu zuen, eta irakasle-lanetan aritu zen Baionako Marrazketa eta Pintura Eskolan. Horrek bere lanaren garrantzia adierazten digu, artearen munduko espazioak oso mugatuak baitziren garai hartan emakumeentzat.
Ilustrazioaren Egunaren jarduerak
Ilustrazioaren Eguna dela eta, Feillet ahizpen lana berrinterpretatu dute egungo zenbait emakume egilek: Jardunaldiaren kartelaren egilea Maite Rosende (2025eko Ilustrazioko Euskadi Saria) da, eta Amaia Hennebutte (ahizpen hereniloba), Sara Morante (2012ko Ilustrazioko Euskadi Saria), Maite Gurrutxagak (2015eko Euskadi Saria) eta Iñaki Landarekin (Argiako ohiko kolaboratzailea) batera, ahizpen bizitzari eta ibilbideari buruzko ikuspegia emango du.
Amaia Hannebuttek eta Sara Morantek lanaren erreprodukzioa emango diote Baionako Musée Basque et de l ‘histoire elkarteari, han baitago ahizpen lanaren zati handi bat.
Euskal Irudigileak antolatutako jardueretan, Hélène eta Blancheren biografia ilustratua banatuko da, zeinean emakume egile garaikideen ekarpenak uztartzen baitira ahizpen lan originalekin. Feillet ahizpak omentze aldera, bidaia eta prozesuak ardatz izango duten zenbait jarduera egingo dira. Hitzaldi, tailer, erakusketa, bisita gidatu eta gehiagoren bidez, arte-sektoreko emakumeen historia ikusaraztea eta gizakion sormena ospatzea da xedea.
Gainera, Iklustraziaoren Mapa bat egin da. Horren bidez, ilustrazioa non aurkitu dezakegun jaso da: liburu-dendak, liburutegiak, artista-guneak… Mapan ilustrazioarekin zerikusia duten eta azaroaren 12tik 21era arte egingo diren jarduerak ikus daitezke.
Gasteizen, hilaren 16an, 19:00etan, El viaje ilustrado (Bidaia ilustratua) hitzaldia egingo da Ignacio Aldecoa Kultura Etxean, Raisa Álava eta Saioa Aginakoren eskutik. Kike Infamek moderatuko du hitzaldia, eta bertan ikusi ahal izango da gaur egun irudiak eta egileak munduan zehar mugitzen direla beren lana garatzeko. Liburutegiak, gainera, bidaiari eskainitako liburu ilustratu eta komikien ekarpenak erakutsiko ditu. Bertan, sektorearekin duen etengabeko konpromisoa ikus daiteke.
Era berean, Montehermoso Kulturuneko mediatekak eta Salburua gizarte etxearen liburutegiak parte hartuko dute ekimenean, eta dituzten funtsak erakusten ditu.
Bestalde, Jokoaren irudiak literaturan erakusketa egongo da Bendaña Jauregiko galerietan azaroaren 29ra arte. Zehazki, Arabako Fournier Karta Museoak eta Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolak antolatu dute, Euskal Irudigileak Euskadiko Ilustratzaileen Elkarte Profesionalaren laguntzarekin.
Ilustrazioaren eguna Gasteizko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren, Donostia Kulturaren, eta Iruñeko Udalaren ekarpenari esker egingo da, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Irudigileak elkartearen laguntzarekin. Ilustrazioaren egunak Arabako Foru Aldundiaren, Zumalakarregi Museoaren eta Baionako Musée Basque et de l ‘histoire museoaren laguntza ere badu.