Landarte 2026 ekimenak Nafarroako landa-eremuan sorkuntza kolektiboko bost proiektu sustatu ditu

  • Landarte 2026 ekimenak Nafarroako landa-eremuan sorkuntza kolektiboko bost proiektu sustatu ditu

Landarte programaren hamargarren edizioak sorkuntza garaikideko bost prozesu parte-hartzaile bildu ditu Nafarroako landa-eremuko herrietan. Iratxe Pérez Barandalla zinemagilea Leozko haranean ari da lanean, bertako herrien arteko komunikazioari buruzko proiektu batean; Jaime Remírez de Ganuza diseinatzaile eta ikus-entzunezko sortzailea, Mirafuentesen, «Proyecto de cine colectivo por los habitantes de Mirafuentes» ekimenarekin; Silvia Ayerra argazkilaria, Miranda de Argan, «Siempre estamos mirando al río» proiektuarekin; Hasier Larretxea idazlea, Elon, «Cartas a los lugares especiales de mi pueblo» proiektuarekin; eta Irantzu del Valle eszena-sortzailea, Uskartzen, «Hemen nago» lanarekin. 

Kultura Zuzendaritza Nagusiak – Vianako Printzea Erakundeak antolatuta, Landarte 2026 martxan jarri zen martxoan eta apirilean, programaren koordinazio-taldeak hautatutako herrietara egindako bisitekin.  Ondoren, sortzaileek ikerketa-lanari eta herritarrekiko hurbilketa-lanari ekin zioten, komunitateekin batera proiektuak zehaztu eta garatzeko loturak sortuz. 

Prozesu horien bidez, hainbat material sortzen ari dira, herri bakoitzeko proposamenen, ikuspegien eta errealitateen aniztasuna erakusten dutenak, eta artistek eta komunitateek elkarrekin egindako lanaren bilakaeraren jarraipena egiteko aukera ematen dutenak. Informazioak eta material grafiko eta ikus-entzunezkoek Landarteren webgunea eta bloga elikatzen dituzte. Bertan, bost proiektuen ibilbidea jasotzen da. Eduki horiek, halaber, Kultura Zuzendaritza Nagusia – Vianako Printzea Erakundearen sare sozialen bidez zabaltzen dira. 

Gainera, aurtengo edizioan Xián Rodríguez gehitu da Archivo Landarte ekimenera. Lan-ildo horren bidez, Nafarroatik kanpoko artista eta kultur eragileak gonbidatzen dira beren esperientziak eta ikuspuntuak partekatzera, programari eta haren metodologiari buruzko hausnarketan laguntzeko.  Bere parte-hartzea elkarrizketa-formatuko solasaldi batean gauzatuko da. Solasaldia grabatu egingo da, programaren webgunearen bidez zabaltzeko. 

Landartek sormen-prozesuak hausnarketa- eta ekintza kolektiboko ariketa txiki gisa ulertzen ditu. Prozesu osoan zehar presentzia aktiboa eta arretatsua eskatzen dute, hasierako kontzeptualizaziotik eta diseinu metodologikotik hasi eta ekoizpen-faseraino.  Proiektuak ez dira herriaren enkargu bati erantzuteko sortzen, ezta sortzailearen ekimen indibidualetik abiatzen ere; aitzitik, parte-hartzaileen arteko etengabeko elkarreraginaren bidez zehazten joaten dira.  Ildo horretan, prozesu irekiak eta ezustekoak dira, bai komunitateentzat, bai sortzaileentzat eta bai koordinazio-taldearentzat. 

PROIEKTUAK

Leozko haranean, Iratxe Pérez Barandalla zinemagilea herrien arteko komunikazio-modu historikoak eta egungoak lantzen ari da. Herriguneen arteko distantzia eta haraneko hiru barrankuen kokapena abiapuntu hartuta, gutunak, irudiak eta audioak erabiltzen dituen prozesu bat jarri du martxan, herritarren arteko elkartrukea sustatzeko.  Herrietan postontziak jarri dira, eta jasotako gutunak saio kolektiboetan ireki eta partekatzen dira. Gutun-trukearen bidez, leku jakin batzuekiko loturak zein haraneko komunitateen arteko topaketarako aukerak aztertzen dira. 

Mirafuentesen, Jaime Remírez de Ganuza diseinatzaile eta ikus-entzunezko sortzailea «Mirafuenteseko biztanleek egindako zinema kolektiboaren proiektua» laguntzen ari da. Herriko hainbat lekurekiko bizilagunen lotura afektiboetatik abiatuta eraikitzen ari diren filma da. Lana argazki-kamera botagarriekin hasi zen, lotura horiek banaka erregistratzeko. Argazkiak errebelatu ondoren, partekatu eta gaika sailkatu ziren, begirada pertsonalak lan kolektiboaren abiapuntu izan zitezen. Filmaketan, herritarrek erabaki dute zer filmatu, eta kamera zein soinua beraiek erabili dituzte. Fase horren ondoren, muntaketa geratuko da, eta hori ere modu kolektiboan egingo da.Proiektuaren emaitza film bat eta testuz lagundutako argazki-bilduma bat izango dira.

Silvia Ayerra argazkilaria «Siempre estamos mirando al río» proiektua garatzen ari da Miranda de Argan. Kolodioi hezearen prozedura fotografikoaren bidez egindako irudiak sortzeko prozesua da, Marcos Núñez Cid argazkilariaren laguntzarekin. Talde txikitan antolatuta, parte-hartzaileek herritik zer erakutsi eta nola egin erabaki dute, eszena bakoitzeko kokalekuak, elementuak, pertsonaiak eta jantziak aukeratuz. Proiektuak 2027an izango du jarraipena, irudi horietatik eta memoria historikoarekin duten harremanetik abiatuta modu kolektiboan osatutako argitalpen baten bidez.

Elon, Hasier Larretxea idazleak, Beatriz Canterorekin batera, «Cartas a los lugares especiales de mi pueblo» proiektua sustatzen du, eskola proiektuaren ardatz hartuta.  Ekimenak herriko helduek idatzitako 26 gutun bildu ditu. Gutun horietan, haurtzaroko oroitzapenei lotutako herriko lekuak dituzte hizpide. Lehen Hezkuntzako 2. mailatik 6. mailara bitarteko 16 haurrek hartu dute parte. Gutunak idatzi dituztenekin batera, testuak irakurtzen dituzte gutunetan aipatutako lekuetan bertan. Proiektuaren amaieran, argitalpen bat kaleratzea eta hura aurkezteko literatura-topaketa bat egitea aurreikusten da.

Azkenik, Irantzu del Valle eszena-sortzailea «Hemen nago» proiektua laguntzen ari da Uskartzen. Herriko bizilagunen ekarpenetatik abiatuta, audio-liburu bat prestatzen ari dira. Hainbat gai jorratzen dituzte bertan: norbanakoaren ikuspegitik, oroitzapen batzuen eta herriko leku jakin batzuen arteko lotura; lotura horien dimentsio materiala eta sentsoriala; eta, ikuspegi kolektiboago batetik, herriko zenbait espazioren erabilera edo erabilerarik eza 


  • DataAzaroak 10
  • Gaia Ikusizko arteak, Arte eszenikoak, Musika