Hemen da Titirijairen edizio berria

  • Hemen da Titirijairen edizio berria

Titirijaik bere 44. urteurrena ospatuko du aurten, azaroaren 21etik 29ra bitartean. Egitarauak 41 emanaldi biltzen ditu —Tolosaz gain, Donostia, Pasaia, Zarautz, Eibar, Urnieta eta Sestao bezalako udalerrietan ere izango direnak—, eta Espainiako zein atzerriko 22 konpainiak hartuko dute parte; besteak beste, Kanada, Argentina, Italia eta Frantziako taldeek. Tolosan 16 ikuskizun izango dira: batzuk TOPIC zentroan eta Leidor antzokian, eta beste batzuk, berriz, kalean —TOPIC-eko arkupeetan eta Alhóndiga plazan—. Egitarauak tailerrak, poesia eta bertso-saioak ere barne hartzen ditu; baita "Las Hijas de Felipe" podcastaren grabazioa ere, azaroaren 21ean, larunbatean, egingo den inaugurazio-ekitaldian.

Aurtengo nobedadeetako bat Kanadako Snafu konpainiaren parte-hartzea da; talde horrek hitzik gabeko bi ikuskizun aurkeztuko ditu: Epidemic Circus eta Baby Tyler Show, hilaren 27an eta 28an, hurrenez hurren. Halaber, Dora Cantero artista katalana —Gijóngo FETEN sariaren irabazlea— izango da bertan, eta Cosas que caen del cielo lana aurkeztuko du azaroaren 21ean, larunbatean. Azaroaren 29an, igandean, Marie de Jongh euskal konpainiak —Arte Eszenikoen Sari Nazionalaren irabazleak— Kimu lana aurkeztuko du.

topic.eus

  • DataAzaroak 14
  • Gaia Arte eszenikoak