Azaroaren 22a da Santa Zezilia, musikarien eguna, eta, urtero bezala, Galdakao musikaz beteko da haren inguruan antolatutako Musika Astearen baitan. Aurten, egitasmoaren XXXV. edizioa ospatzen da, azaroaren 16a eta 21a bitarte, programak askotariko proposamenak bilduko dituela; musika klasikotik abiatuta, sorkuntza garaikideraino, publiko mota guztientzako emanaldiak izango dira datorren astean zehar.
Ikuskizunek ganbera musika, pianoa, txistua eta musika klasikoa uztartuko dituzte, besteak beste. Kontzertuez gain, antzerkia eta musika klasikoa batzen dituen haurrentzako ikuskizuna ere izango da, baita txistu bandaren kalejira eta Da Capo bandaren kontzertua ere. Hala, estilo eta formatu anitzeko proposamenak izango dira Torrezabal Kultur Etxean eta Galdakaoko kaleetan. Torrezabaleko ikuskizunak 19:30ean izango dira, 3 euroko sarrerarekin; txistu bandaren kalejira 19:00etan hasiko da ostiralean, eta Da Caporen larunbateko kontzertua ordu berean izango da, 5 euroren truke.
XXXV. Musika Astearen egitaraua:
- Azaroak 16, astelehena. Dolmen Ensemble ganbera taldeak errepertorio klasikoa eta sorkuntza garaikidea uztartuko ditu, genero horren indarra eta bilakaera nabarmenduz. Euskal konpositoreen lana balioan jarriko du, nazioarteko sortzaileen musikarekin elkarrizketa osatuz, tradizioaren eta berrikuntzaren arteko loturak arakatzen dituen proposamen batean.
- Azaroak 17, asteartea. ‘Eko eta itsasoa’ publiko guztientzat den arren, bereziki umeei zuzendutako ikuskizuna da, antzerkia eta musika klasikoa uztartzen dituen umorezko obra. Eko, ustekabean, izaki magiko bihurtuko da, eta itsasoa kutsatu duten arazoei aurre egin beharko die. Horretarako, ikusleen eta itsasoko musikaren laguntza izango ditu. Lortuko al du?
- Azaroak 18, asteazkena. Duo Boreal taldeko Claudia Besne harpa jotzaile donostiarrak eta Eva Calvo gitarra jotzaile segoviarrak bidaia musikal batean murgiltzera gonbidatuko dute publikoa. Harparen eta gitarraren arteko elkarreraginak melodiak eta akonpainamenduak uztartuko ditu, hainbat garai eta estilotako soinuak sortuz. Besteak beste, Piazzolla, Albeniz eta Boccheriniren piezak interpretatuko dituzte.
- Azaroak 19, osteguna. Moises Sanchez piano jotzaile eta konpositoreak 'Soliloquio' izeneko kontzertua eskainiko du. Bere konposizioak, inprobisazioak eta beste konpositore batzuen obrak uztartuko dituen musika bidaia proposatuko du, bere sormen unibertsoan murgiltzeko aukera emanez.
- Azaroak 20, ostirala. Txistu Bandak kalejira egingo du Galdakaoko kaleetan barrena, 19:00etan hasita. Herriko kaleetan txistuaren doinuez gozatzeko aukera izango da.
- Azaroak 21, larunbata. Da Capo Bandak kontzertua eskainiko du Torrezabal Kultur Etxean, 19:00etan, 5 euroren truke.