Loraldia Plaza Zaratamo-Arrigorriagak bosgarren edizioa ospatuko du, euskal sormen garaikidearekin sei hitzordu eskainiz

  • Loraldia Plaza Zaratamo-Arrigorriagak bosgarren edizioa ospatuko du, euskal sormen garaikidearekin sei hitzordu eskainiz

  • "Zure gailurretik gora" lelopean, azaroaren 27tik abenduaren 13ra egingo da jaialdia, musika, literatura, dantza, bertsolaritza, performancea eta gastronomia uztartuz
  • Ines Osinaga eta Ahizpak, Mursego eta Joseba Sarrionandia, DAB Dantza Konpainia, Olatz Salvador eta Alaia Martin, Mikel Urdangarin eta Ulibarri Artzainak izango dira aurtengo protagonistak
  • Bosgarren edizioak bi udalerrien eta Loraldiaren arteko lankidetzaren jarraipena berresten du, euskarazko kulturaz herrian bertan gozatzeko aukerak zabalduz eta sortzaileen lana publikoarengana hurbilduz

Loraldia Plaza Zaratamo-Arrigorriaga bosgarren ediziora iritsiko da aurten. Azaroaren 27an eta 28an eta abenduaren 10etik 13ra, sei kultur hitzordu eskainiko ditu, euskal sormen garaikidearen aniztasuna bi udalerrietako agertokietara eramateko. Kubako eta Euskal Herriko doinuen arteko elkarrizketatik abiatuta, hitzen jolasak, emakumeen bizipenak, dantzaren bidezko memoria eta euskal kantagintza bilduko ditu egitarauak, gazta eta txakolin dastaketa batekin amaitzeko.

"Zure gailurretik gora" leloak gidatuko du edizioa. Kirmen Uriberen hitzek eta Mikel Urdangarinen kantuak iradokitzen duten ildotik, kulturak bizipoza pizteko, irudimena zabaltzeko eta munduari beste begirada batetik heltzeko duen gaitasuna aldarrikatuko du jaialdiak.

Arrigorriagako eta Zaratamoko Udalek sustatuta eta Loraldiak antolatuta, ekimenak bost edizioko ibilbidea osatuko du. Jarraikortasun horrek euskarazko sorkuntzari tokiko kultur eskaintzan lekua egiteko konpromisoa adierazten du: sortzaileei beren lanak erakusteko plazak eskaintzea eta herritarrei proposamen artistikoak gertutik ezagutzeko aukera ematea.

Jarraitu irakurtzen


  • DataAzaroak 18
  • Gaia Arte eszenikoak, Musika