Bakioko 2026ko Sanjoseak martxoaren 21ean izango dira. Txakolinaren uzta berria, nekazari eta abeltzainen eskaintza...
“Zaporearen doinua”. Horixe da aurtengo sanjoseak iragartzeko hautatu den lema, txakolinaren eta Bakioko nortasun kulturalaren arteko lotura islatzeko asmoz. Herriko tradiziotik datorren jarduera da txakolinaren ekoizpena, ahoz aho erabiltzen ditugun abesti ezagunak bezala. Hala ere, iraganean geratu ordez gaurkotzen ari da. Herria dantzan jartzen duen doinu bat sortzen du txakolinak.
Aurten nobedade esanguratsu bat dakar jai egitarauak, martxoaren 19an frontoian garatuko den dastaketa herrikoia. Txakolin beltzaren ezaugarriak herritar orori azaltzea da ekimenaren helburua, ohiko ardozale eta adituez harago. Dastaketa enologo batek gidatuko du, eta bien bitartean artista bik margolan bat sortuko dute txakolin beltza erabiliz. 18:00etan hasiko da, eta bertan parte hartzeko izen-ematea Turismo Bulegoan egin beharko da.