Arabako Arte Ederren Museoa 1850-1950 urteen arteko euskal artean espezializatuta dago. Hainbat egileren bidez, garai haren bilakaera ikus daiteke, hasi artista aitzindarietatik (Juan Ángel Sáez, Juan de Barroeta edo Antonio Mª de Lecuona) eta lengoaia inpresionista eta postinpresionista erabiltzen duten beste batzuetaraino (Darío Regoyos, Francisco Iturrino, Juan de Echevarría, Aurelio Arteta edo Ignazio Zuloaga). Elías Salaverríaren eta Ramón eta Valentín Zubiaurreren konposizio handiek, gainera, haien inguruko eta garaiko nekazaritza eta industria gizartearen testigantza ematen dute, zeina desagertzeko arriskuan baitzegoen Euskal Herriko industrializazioaren garapena zela eta.
Leku berezia du Ignacio Díaz Olano margolariak, Arabako margolaritzan ezinbesteko figura izan baita, bere lanetan genero guztiak landu zituelako, bereziki gai kostunbristak. Irakaskuntzan ere aritu zen eta artista arabar askoren maisu izan zen. Margolari honen izenburu enblematikoak "Jatetxea", "Kalbarioko erromeriako itzulera" edo "Angelusa errezatzen soroan" dira, zeinak museoaren bildumaren esentziaren parte diren.
Arabako artea oso presente dago berriz ere Fernando de Amáricari modu monografikoan eskainitako aretoetan. Haren fundazioaren obrak dira eta hemen daude gordeta modu iraunkorrean. Kronologikoki antolatutako ibilbideak aukera ematen du ikusteko haren jarduera luzean erabilitako joera estilistikoen segida (errealismoa, inpresionismoa, espresionismoa) eta paisaiarekiko duen joera berezia. Gehienak euskal lurraldeko tokiak dira, baina margolan batzuk Errioxari, Gaztelari eta beste eremu batzuei eskainiak daude.
XVIII. eta XIX. mendeetako Espainiako arte bilduma 1912ko jauregiko aldean dago eta, nahiz eta kopuruari dagokionez txikia izan, garrantzitsua da kalitatean. Batez ere erretratu eta paisaien bidez, trantsizio bat ikusten da obretan, hain zuzen, pintura klasiko eta akademikotik erromantizismoaren saiakera espontaneoenetara edo mugimendu errealistaren kokapen zuzenenera doana. Horren adibide onak dira Vicente López, Federico eta Raimundo de Madrazo, Carlos de Haes, Aureliano Beruete, Joaquín Sorolla edo José María Sert.