Euskadiko Orkestra (Juanjo Mena / Asier Polo)

Donostia-San Sebastián 2020(e)ko Abuztuak 19
  • Euskadiko Orkestra (Juanjo Mena / Asier Polo)
    Juanjo Mena

Donostiako Musika Hamabostaldia 2020ren barruan. 

Euskadiko Orkestrak, abuztuaren 19an, asteazkena, Musika Hamabostaldi honetan ematekoa zen hiru kontzertuetatik azkena eskainiko du. Bertako artisten aldeko apustua egin du jaialdiak aurtengoan, eta euskal orkestrak, 1982tik jaialdiaren kide leial denak protagonismo handia izan du egitarauan. Iragan abuztuaren 8an, Beethovenen obraz osatutako kontzertuaren protagonista izan zen, Semyon Bychkov zuzendari errusiarrarekin batera, eta aste bat beranduago, abuztuaren 15ean, Xabier Anduaga tenor donostiarra lagundu zuen entzuleek gogo biziz hartutako opera eta zarzuela errezitalean. Jaialdian emango duen hirugarren kontzertuan, Euskadiko Orkestra Nazioartean ospe handia duten bi musikarik lagunduta arituko da: Juanjo Mena zuzendari gasteiztarra eta Asier Polo biolontxelista bilbotarra. Haydn eta Beethovenen obraz osatutako programari egingo diote aurre, eta hitzordu sinfonikoa Kursaal Auditorioan izango da, 20:00etatik aurrera.

Asier Polok Musika Hamabostaldian parte hartu zuenean, Juanjo Menarekin batera egin zuen, hain zuzen, Donostiara BBC Orkestra Filarmonikoarekin etorri zenean, 2017ko 78. Musika Hamabostaldia inauguratzera. Aldi hartan, Polori bere ibilbidean zehar poz handienak eman dizkion obretako bat interpretatu zuen, Elgarren Biolontxelorako kontzertua. 1997an Donostian bere burua aurkeztu zuenean, obra hori bera interpretatu zuen, Espainiako Gazte Orkestra Nazionalean. Hamabostaldian eman zuen azken kontzertutik, Espainiako Kultura Sailak eman ohi duen saririk garrantzitsuena jaso du, Espainiako Musika Saria, "interprete bezala bere bikaintasuna" aitortuz. Kritika espezializatuaren hitzetan, bere belaunaldiko biolontxelista onenetako bat da, eta nazioarteko orkestra garrantzitsuenetako batzuekin lan egin du, John Axelrod, Pinchas Steinberg edo Christian Badea zuzendarien batutapean, besteak beste, eta Silvia Marcovici, Nicolás Chumachenco, Sol Gabetta, Maxim Rysanov, Isabelle van Keulen, Josep Colom, Eldar Nebolsin, Gérard Caussé, Janácek Laukotea, Casals Laukotea edo Alfredo Kraus tenorra bezalako artistekin partekatu du taula, azken honek bere ibilbideko azken urteetan, bere errezitaletan bakarlari bezala aritzera gonbidatu zuelarik.

Juanjo Menari buruz, dagoeneko esan dezakegu euskal bizitza musikalak izan duen orkestra zuzendari nazioartekoena dela. Bere garapen handiena Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin egin zuen, 1998 eta 2008 artean zuzendu zuena, orkestrak eta zuzendariak haien garapen artistikoko maila berriak erdiestea ahalbidetu zuen harreman luzean. Ondoren, Menak urrun hegan egitea erabaki zuen: 2007an Genovako Carlo Fenice Antzokira eta Bergeneko Filarmonikora, zuzendari gonbidatu nagusi bezala; eta, 2010ean, 2018. urtera arte zuzendari titular jardun duen Manchesterreko BBC Orkestra Filarmonikora. Maila garaienekoak dira gaur egun bere nazioarteko konpromisoak, eta azken denboraldian konpromisoak zituen Luzernako Orkestra Sinfonikoarekin, Chicago eta Detroiteko Orkestrekin edota Espainiako Orkestra Nazionalarekin. Mena eta Musika Hamabostaldiaren harremana 1989an hasi zen, Interprete Gazteen Zikloan klarinetista gisa jo zuenean. Ondotik hainbat alditan itzuli zen Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin, 2017ko abuztuan aipatu BBC Philharmonic-ekin etorri zen arte. 2019an jaialdiaren amaieran ere aritu zen Beethovenen pianorako kontzertuak ematen Javier Perianesekin eta Londresko Orkestra Filarmonikoarekin batera.

Programa Beethovenen jaiotzaren 250. urteurrenari buruzkoa da beste behin, gaualdiaren ardatz bere 7. Sinfonia la maiorrean duena. Bere bederatzi sinfoniako zikloko ezagunenetako bat da, agian erritmoaren obsesiozko erabilera delako Zazpigarrena-ren indar bultzatzailea, Wagner obrari buruzko iruzkin ospetsua egitera eraman zuen ezaugarria: "dantzaren apoteosia da". 1811 eta 1812 artean konposatutako 7. Sinfonia-ren lehen interpretazioa Beethovenek berak zuzendu zuen 1813an, Vienan Hanauko Guduan zauritutako soldaduen alde egindako ongintzazko kontzertuan. Estreinatu zuen orkestran garaiko musikari onenetako batzuek parte hartu zuten, horien artean Sphr, Hummel eta Meyerbeer.

Beethovendar maisulanaren aurretik, Joseph Haydn konpositorearen bi sorkuntza entzun ahal izango ditugu. Beethovenen maisu izan zen Haydn eta haren material melodikoaren trataeran eragin handia izan zuen, nahiz Beethovenek eragin hori ukatu helduaroan. Haydn-i dagokionez, lehenik 44. Sinfonia mi menorrean interpretatuko dute, 1772an amaitutakoa eta bere "Sturm und Drang" (Ekaitza eta kemena) garaiari dagokiona. Konpositoreak, izen bereko mugimendu literarioak inspiratuta, hainbat sinfonia idatzi zituen, emozioak eta subjektibotasuna arrazionaltasun klasikoaren gainetik jarriz. Trauer (Dolua) izeneko 44. Sinfonia-k haserretik edo galeratik etsipenetik baino gertuago dagoen sentimendu baten heriotza erakusten du, bere izaera musikalaren aldaketa eta modulazio harmoniko bortitzen araberakoa. Hileta martxa denik zehazki esan ezin daitekeen arren, Haydnek sinfonia honetako mugimendu geldo hau bere hiletan jo zedin eskatu zuen.

Sinfoniaren ondotik, ziurrenik Klasizismoko biolontxelo kontzertu ospetsuenaren txanda helduko da, 1. biolontxelorako kontzertua do maiorrean, Haydn-ek 1765 inguruan konposatua Nicolaus Esterházy printzearen orkestrako biolontxelista birtuosoarentzat; hiru hamarkadatan zehar egin zuen lan harentzat. Aurreko sinfoniarekin alderatuz, obra arinagoa eta dotoreagoa da, musika Barrokoaren eragin argia duena, bereziki concerto grosso delakoarena, eta biolontxelorako idazkera iaioa eta idiomatismo handia duena.

Programa [PDF]


Laburrean

  • Mota Kontzertua
  • Data 2020(e)ko Abuztuak 19
  • Ordutegia20:00
  • Lekua Kursaal
    Zurriola Pasealekua, 1
    Donostia-San Sebastián
  • Zenbatekoa11 / 46 €
  • Sarrerak Erosi
  • Web Kursaal

Non

Euskadi, auzolana