Donostia XVI. mendean Urgull mendiaren babesean sortutako hiribildu txiki gisa dago irudikatuta, itsasoz eta hareatzez inguratuta. Ordutik XIX. mendearen amaierara arte, Urgull mendia bertakoek eta atzerritarrek hiriari buruz egiten dituzten irudikapenen protagonista da, defentsarako gotorleku bezala betetzen duen paperak hiribilduaren nortasuna eta garapena markatzen baititu.
Grabatua lau mende baino gehiagoz izan zen Europan irudiak modu masiboan zabaltzeko zegoen bide bakarra; zurezko, metalezko edo harrizko xafla baten gainean marrazki bat grabatzeko eta ondoren paper gainean estanpatzeko teknikak irudi anitz eta berdinak erreproduzitzeko aukera eman zuen XIX. mendearen amaierara arte, garai horretan argazkigintzaren agerpenak egoera hori aldatuko duelarik.
Irudi horiek pentsamenduaren hedapenerako tresna garrantzitsu bihurtu ziren; liburuak eta argitalpenak ilustratzea izan zuten helburu nagusi, nahiz eta adierazpen artistikorako modu bat ere izan ziren.
Erakusketak sei atal ditu (Lehenengo irudikapenak, Bidaia erromantikoa, Gerra-garaiak, Hiria hazten, Eguneroko bizitzako estanpak, Udaldia eta Grabaketa tailerra), eta horietan 80 bat grabatu erakusten dira, XVI. mendetik XIX. mendera bitartekoak, azken horrek garrantzi berezia duela.
Gainera, erakusketan zehar hainbat interesgune sortu dira, fokuak eta lupak. Alde batetik, fokuek atal bakoitzean bertan lantzen den gaiaren aspektu bati buruz hitz egiten dute: emakume bidaiariak, militarrak eta ilustratzaileak, bideko bizitza... Bestalde, lupek grabatuen xehetasun gehiago ematen dituzte, bereziki interesgarriak, anekdotikoak edo beste arrazoiren batengatik arreta merezi dutenak.
Erakusketaren azken atalean artista garaikideen eskutik grabatu-teknikak (serigrafia, kalkografia, xilografia eta litografia) ezagutzeko aukera izango da. Artista horiek, Mikel Ruiz Pejenautek, Xare Alvarezek, Ainize Txopiteak eta Julen Agirrek, erakusketak zabalik irauten duen denboran, paisaiari eta Donostiari buruzko sorkuntza-proiektu bat garatuko dute. Emaitza teknika ezberdinekin egindako lau grabatu dituen karpeta bat izango da.
Espazio horretan, grabatuarekin lotutako hainbat material dago, hala nola, torkulu bat, plantxak, gubiak eta burilak, grabatu-teknikei buruzko tintak eta gidak. Hori guztia José Luis Noain grabatzaileak lagata egin da, zeinak eskura duen eta normalean lan egiten duen materiala utzi baitu erakusketarako.
Gaiaren ikuspegi historikoa eta garaikidetasuna, hiriari buruzko egungo ikuspuntua, hitzaldi, mahai-inguru, musika eta bisiten bidez eskainiko da
OHARRA: Jarduera gehienak doan dira, baina aurrez webgunearen bidez lekua erreserbatu behar da.
Hau da jarduera programazioaren laburpena; ikusi hemen jardueren inguruko xehetasunak.
Esparru ezberdinetako pertsonek bisita gidatu bereziak eskaintzen dituzte erakusketei beren ikuspuntua gehituz.
Erakusketaz era autonomoan gozatzeko proposamenak, familiei zuzenduta.
Urrian (urriaren 17tik hasita)
Erakusketa dela eta, bestalde, museoak Civitates Orbis Terrarum-en jatorrizko irudiaren edizio mugatu baten estanpazioa eskatu dio La Tallerri, eta karpeta batean salduko dira.