MUGAK 2021 - Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienala

Donostia-San Sebastián 2021(e)ko urriaren 27(e)tik 2021(e)ko azaroaren 30(e)ra
  • MUGAK 2021 - Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienala

Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren hirugarren edizioa aste honetan hasiko da. ‘Ondarea eta Modernitatea' lelopean, asteazken honetan hasi eta azaroaren 30era arte luzatuko da Euskadiko arkitekturaren hitzordu nagusia. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak antolatuta, eta 21 erakunde eta elkarteren parte-hartzearekin, Mugak/ -ek ia ehun kultur jarduera eskainiko ditu – guztiak doakoak – Donostian, Bilbon eta Gasteizen.

Hasiera ekitaldia asteazken honetan izango da, urriak 27, Donostiako Antzoki Zaharrean, Carme Pinós arkitekto katalanaren eta José Ángel Medina Bienaleko komisarioaren arteko solasaldi batekin. Sarrera doakoa izango da publikoarentzat (edukiera % 50era murriztuta) eta bihartik aurrera 11:30ean aldez aurretik Donostia Kulturaren plataformako esteka honetan izena eman beharko da.

Hitzaldia Mugak/ -en hirugarren edizio honetako erakusketa nagusiaren irekieraren atarikoa izango da, ‘Estudio Carme Pinós - Testuingurua eta kontzeptuak' izenburupean, ostegunean irekiko dena Euskadiko Arkitektura Institutuan.

Pinós nazioarteko arkitektura-estudio baten buru den emakume bakarrenetakoa da. Erakusketa otsailaren 27ra arte egongo da zabalik, eta herritarrek beren sormen-prozesura hurbiltzeko aukera izango dute, hasierako ideietatik edo zirriborroetatik hasi eta enkargu bakoitzaren eraikuntza-prozesuraino.

Beste bi erakusketa ere aurkeztuko dira aste honetan Donostian. Ostegunean, urriak 28, ‘Euskal Arkitektura Gazteari Peña Ganchegui Saria 2021' irekiko da, Peña Ganchegui Artxiboak antolatua eta Santa Maria Basilikaren kanpoaldean kokatua. Ostiralean, urriak 29, ‘Arantzazu 70 urte'-ren txanda izango da, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak antolatu du eta D' Museoan egongo da. 

Arkitektura Donostian zehar zabaltzen jarraituko da hurrengo astean. Museum Cemento Rezolan ‘Hiria pentsatzen’ irekiko da, herritarren parte-hartzea bultzatzen duen erakusketa-proiektua; Espacio Réflex -eko "Kupulak" tailerren emaitzak ikusi ahal izango dira, bertan parte-hartzaileek zurezko kupula bat eraikiko dute San Telmo Museoko klaustroan; eta Mugak/ -en edizio honetako lehen hizlariak izango dira, hala nola Oscar Tusquets katalana edo Barozzi Veiga estudioko Alberto Veiga.

Bilbo eta Gasteizera zubiak

Mugak/ -en hirugarren edizio honek Euskadiko hiru hiriburuetara eramango du lehen aldiz bere erakusketa programa. Bilboren txanda azaroaren bigarren astean helduko da, eta orduan bilduko da Bienalaren jarduera nagusia. Hala, hilaren 8ko astean, ‘Bilboko Arkitekturak. Juan Daniel Fullaondo’ bezalako erakusketak eta Christian Kerez suitzarrak Bizkaia Aretoan eta Fermin Vazquezek Guggenheim museoan emandako hitzaldiak izango dira ikusgai.

Jarraian Gasteiz izango da Bienalaren jardueren erdigunea. Azaroaren 15eko astean, 'Housing the Basque Country' erakusketa Arabako hiriburuan aurkeztuko da. Gainera, Habicek ‘Diseinuaren artisauak' erakusketa ibiltaria eramango du Aihotz plazara, eta baita bere dokumentalaren proiekzioak ere. Bertan, Euskadin altzarien diseinua industria-sektore berri bihurtu zutenen historia kontatzen da. Horrez gain, BiBat museoan Patxi Mangado, diseinatu zuen arkitektoaren, eta Paco Valderrama kazetariaren arteko solasaldia izango da. 

Azaroaren 22ko astean, Mugak/ -ek Donostian jarriko du arreta berriro, doako jarduerek arkitektura herritarrengana hurbiltzen jarraituko baitute. Horien artean, Elias Querejeta Zine Eskolaren 'Zinemaren arkitektura Donostian' erakusketa eta Maushausen ‘Marraketak’ haurrentzako tailerra. Biurtekoa hilaren 30ean amaituko da, Euskal Hiria kongresuaren amaierarekin, Gasteizko Europa Jauregian.

Mugak/ 2021en jarduera guztiak doakoak dira.

 

 

Laburrean

  • Mota Bestelakoa
  • Data 2021(e)ko urriaren 27(e)tik 2021(e)ko azaroaren 30(e)ra
  • LekuaBilbo, Gasteiz eta
    Donostia-San Sebastián

Non

Euskadi, auzolana