2022ko BilbaoPoesía jaialdiaren barruan.
Bilbok Poesiaren Munduko Eguna ospatuko du Ida Vitale Uruguaiko poeta handiaren bisitarekin, izan ere, martxoaren 21ean, 19:00etatik aurrera, haren bizitza eta obra errepasatzeko topaketa literarioaren protagonista izango da Bidebarrieta Liburutegian.
Ida Vitaleren parte-hartzeari esker, BILBAOPOESIAren XXIII. edizioak jaialdiaren nazioarteko izaera berreskuratu du pandemiak ezarritako geldialdiaren ondoren, eta aurten, “Zeharkaldiak” izan du goiburu, bidaia programatutako ekitaldi guztien gida-haritzat harturik.
Ida Vitale, 45eko belaunaldiko poeta uruguaitarra eta poesia esentzialistaren ordezkaria, mundu hispanoamerikarreko ahots poetikorik garrantzitsuenetakoa da. Abangoardia historiko amerikarraren tradizioan txertatua, haren poesiak hizkuntzaren alkimia aztertzen du. Hainbat sari jaso ditu, hala nola, Octavio Paz Saria (2009), Alfonso Reyes Saria (2014), Reina Sofia Saria (2015), Federico García Lorca Nazioarteko Poesia Saria (2016), Max Jacob Saria (2017) eta Cervantes Saria (2018).
Ida Vitalek Bilborekin duen lotura Blas de Oterorekin izandako adiskidantza sakonak markatu du, eta oraintsuago, Bernardo Atxagarekin mantentzen dituen harremanak. Vitalek nazioarteko poesiako beste pertsonaia handi batzuk ere ezagutu ditu, hala nola, Juan Ramón Jiménez, Mario Benedetti edo Juan Gelman. Iaz argitaratu zuen “Tiempo sin claves” azken poema-liburuaren ondoren, 98 urteko poeta uruguaitarrak zeharkaldi poetiko eta lirikoa eskainiko du bere ekoizpen literatur zabal eta ezagunean zehar, gaur arratsaldean Bidebarrieta Liburutegiko areto nagusian bilduko den publikoaren aurrean, haren poematik bereizgarrienetako batzuen irakurketa barne.
Vitalerekin batera izango da gaurko ekitaldian Juan José Lanz (Bilbo, 1963), Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Espainiar Literaturako irakasle titularra eta Literatura Garaikideko aditua. Lanzek literaturari buruzko hainbat monografia landu ditu, hala nola, “La luz inextinguible. Ensayos sobre Literatura vasca actual” (1993), “La llama en el laberinto. Poesía y poética en la generación del 68” (1994), “Antología de la poesía española. 1960-1975” (1997), “Introducción al estudio de la generación poética española de 1968” (2000), “La poesía española durante la Transición y la generación de la democracia” (2007), “Alas de cadenas. Estudios sobre Blas de Otero” (2008), “Nuevos y novísimos poetas. En la estela del 68” (2011), “Gerardo Diego y Blas de Otero, entre Santander y Bilbao” (2016) edota “Juan Ramón Jiménez y el legado de la Modernidad” (2017). Horiez gain, Juan Ramón Jiménez, Miguel Mihura, Diego Jesús Jiménez eta Luis Alberto de Cuencaren lanen argitalpenak prestatu ditu.