Getxophoto 2023 jaialdiaren barruan.
Hungarian Sea Michal Solarskik udako oroitzapenetara egindako bidaia da. Hogei urte geroago, haurtzaroko oporrak igarotzen zituen lekuari argazkiak atera dizkio: Hungariako Balaton lakuko kostaldea, Erdialdeko Europako handiena. Sobietar blokeko langileentzako leku turistiko ezaguna zen, eta “Polonia gris eta tristetik” zetorren Solarski txikiaren buruan, paradisu baten antzekoa zen, urtean bi astetan goza zezakeen paradisua.
Ordaindutako oporrak dira, ziurrenik, mendebaldeko gizarte garaikidean etenaldiaren sinbolo nagusia. Zortzi orduko lanaldiarekin eta igandeko atsedenarekin batera, langileen borrokaren konkista historikoa dira, baina paradoxa bat du, produkzio-erritmoari eusten jarraitzeko balio duela: irauteko gelditzen gara, lanean jarraitzeko gelditzen gara. Paul Lafargue utopistak, Nagitasunerako eskubidea lanaren egileak, gizarte ideal bat irudikatzen du, non lana eta kontsumoa ahalik eta gehien murrizten diren, eta gizakiek beren berezko joeran, zentzumenak lantzen, bete-betean diharduten. Horixe da, hain zuzen ere, situazionisten “Ez ezazu inoiz lanik egin” leloak jasotzen duena: ez dugu ordaindutako oporrik nahi, opor iraunkorrak nahi ditugu.
1977an Polonian jaioa, Londresen bizi eta lan egiten du Michal Solarskik. Bere jatorrizko herrialdean Politikan maisutza lortu ondoren, Londresera joan zen eta han Argazkigintza Dokumentalean beste maisutza bat lortu zuen London College of Communication-en. Bere ibilbide profesionala publizitate-proiektuen eta proiektu pertsonalen artean banatzen da. Ekialdeko Europan egiten du bere obraren zatirik handiena, bere aurrekarietan eta esperientzietan oinarrituta, aisialdia eta oroitzapenak azpimarratuz. Lensculture Visual Storytelling Awards, Leica Oscar Barnack Award, PDN Photo Annual edo Photolucida Critical Mass bezalako sari eta beka ezagun askoren irabazle eta finalista izan da. Bere lana Gdanskeko Museum of WWIIn edo Berlingo KVOST Kunstverain Ost-en erakutsi izan da, besteak beste, eta argitalpen askotan ikusi du argia, hala nola The Guardian, TIME, National Geographic, WIRED edo It’s Nice That.