Getxophoto 2023 jaialdiaren barruan.
Stephen Gillen etxearen inguruan, Suedian, zeru eta landa zabaleko paisaia itzela zabaltzen da, ezer gertatzen ez dela dirudien Eskandinaviako paisaia zabal horietako bat. Gillek txikitatik maite zituen txoriak, eta susmatzen hasi zen agian aktibitaterik gabeko itxura hori engainagarria izango zela; horrela, “txoriak zerutik ateratzeko asmoz”, zurezko pilare bat jarri zuen sukaldeko leihoaren aurrean. Hurrengo lau urteetan, ehunka hegaztik bisitatuko dute zutabea, eta Gillek argazkia aterako die enkoadraketa berarekin eta urtaroen arabera eraldatu egiten den paisaia beraren aurrean. Batzuk hegaldi-erdian harrapatzen ditu, beste batzuk atsedenean, beste batzuk harrapakin harrapatu berriarekin, ia beti bakarrik, baina batzuetan hegazti-saldoak dira, migrazio-ibilbideei jarraitzen dietenak. The Pillar izeneko lan honek egile-liburu onenaren saria irabazi zuen Les Rencontres de la Photographie de Arles-en 2019an.
Bristolen (Britainia Handia) jaio zen 1971n Stephen Gill eta txikitatik argazkizaletu zen, bere aitari esker. Zale amorratua zen, eta filmak prozesatzen eta bere irudiak atikoko gela ilunean inprimatzen irakatsi zion aitak. Handitan, Magnum Photos agentzian lan egin zuen, artxiboko langile gisa, argazkilariei laguntzen eta zuri-beltzeko filmak prozesatzen. 1997an Magnum utzi zuen bere proiektuetan murgiltzeko, eta 2005ean bere argitaletxea sortu zuen, Nobody Books, bere liburuak bere praktika artistikoaren funtsezko alderdia baitira. Horien artean nabarmentzekoak dira Please Notify the Sun (2021), The Pillar –Les Rencontres d’Arles-en liburu-egile onenaren saria irabazi zuena–, Pond Life (2019), Look Both Ways (2018), Night Procession (2017), Pigeons, Hackney Kisses, Best Before End, Talking to Ants (2014), beste askoren artean. Bere argazkiak hainbat bilduma publiko zein pribatutan daude, adibidez, The Victoria and Albert Museum, National Portrait Gallery, The Museum of London, Sprengel Museum, Tate, Centre National de l’audiovisual, Archive of Modern Conflict, The Photographers’ Gallery, Palais des Beaux Arts, Leighton House Museum edo Haus Der Kunst. Era berean, bere lana museo, erakunde eta arte zentro ezberdinetan erakutsi izan da, eta baita ere Les Recontres d’Arles, Toronto Photography Festival, Images Vevey edo PHotoEspaña nazioarteko jaialdietan.
Getxophoton erakutsitako irudiak Nobodyk 2019an argitaratutako liburu honetatik atera dira.