Ekainaren 16tik uztailaren 1era arte, ehun jardueratik gora izango dira, Irungo hainbat tokitan: haurrentzako animazioa, askotariko ikuskizunak, dantza, kirol probak, erakusketak, antzerkia eta zuzeneko musika. Jaietan ohikoa denez, gehienak (% 98 baino gehiago) kanpoan izango dira, eta, horrela, kalea izango da benetako protagonista. Horrela, hiriko plazak izango dira jaietarako gehien erabiliko diren tokiak: Alberto Anguera, Txanaleta, Zabaltza, Urdanibia, Euskal Jai frontoia (Santiago karrika), Junkal plazatxoa, Jenaro Etxeandia eta San Juan.
Era berean, auzoetan, hala nola Behobian, Katean, San Migelen, Anakan, Belaskoenean, Elizatxon eta Arbesen, haurrentzako jarduerak izango dira: askotariko atrakzioak eta tailerrak. Azkenik, Amaia KZn, beren ezaugarri teknikoak direla-eta leku itxi egoki bat eskatzen duten ikuskizunak emango dira, hala nola opereta eta kontzertu korala, zeinak Luis Mariano Lirika Elkarteak eta Ametsa abesbatzak antolatuko dituzten.
Irungo Jaiak 2023 (agenda egunez egun):
Guztira, 118 ekitaldi koordinatuko ditu Kultura eta Kirol Arloak. Hain zuzen ere, arlo horrek zuzenduko ditu jarduera gehienak; asko eta asko, hiriko entitateek sustatuta. Gainera, Gaztegunearen barruan, Istillaga eta Urdanibia plazetan ere izango dira jarduerak.
Udalak nabarmendu duenez, "beste urte batez, parte hartzeko sanmartzialak izango dira. Entitateekin koordinatuta lan egiten saiatu gara, proposamenak orekatzeko eta aisialdiko jarduerez eta entretenigarriez gain ekimen kulturalak ere izateko, hala nola kaleko emankizunak eta zirku eta antzerki funtzioak".
Borja Olazabalek musika egitaraua azpimarratu du, "inoiz baino anbiziotsuagoa" baita, "kantitatearen zein kalitatearen ikuspuntutik". Bertako talentuak eta artista eta talde prestigiodunek osatzen dute kartela, gustu guztietarako. Borja Olazabalek kontzertu egun nagusietako artista eta taldeak eta haien aurretik joko duten bertako taldeak errepasatu ditu. Hona hemen egutegia:
Beste erreferentzia bat haurrentzako animazioa izango da, hiriko zazpi auzotan barrena: Katean, Behobian, Antzaranen, Larreaundin, Palmera-Monteron, Anakan eta Belaskoenean. Gainera, haurrentzako ikuskizunak eta familia osoak gozatzeko emanaldiak izango dira, hala nola kaleko antzerkia, dantza emanaldiak eta erraldoi eta buruhandien konpartsa.
Betiko jarduerek ere ez dute huts egingo: ekainaren 24an, larunbatarekin, herri bazkaria egingo da; hurrengo egunean, Jostallu elkartearen bakailao lehiaketa; ganadu azoka egingo da; eta uztailaren 1ean, igandearekin, bakarrizketa jaialdia, Nerea Garmendia eta Miguel Lagorekin.
Kirol arloan, beste hainbat proposamen izango dira aukeran; tartean, pilota jaialdia, 3 x 3 saskibaloi txapelketa, futbol torneoa eta San Martzialeko atletismo igoera. Gainera, jarduera berri bat izango da: boxeo gau bat, ekainaren 17an, Uranzu pilotalekuan –laster aurkeztuko da–.