Dantzaldia 2023, Bilboko Nazioarteko Dantza Jaialdiaren XXIV. edizioa, irailaren amaieran hasiko da eta dantza garaikidearen hamar bat hitzordu handi programatuko ditu Bizkaiko hainbat agertokitan abenduaren erdialdera arte. Irailaren 26an hasiko da dena, Rekalde Aretoan, Glovo kolektiboaren Alleo (Arrotza) piezarekin. Talaiatik egindako begirada hori arratsaldean izango da ohiko Inaugurazio Topaketan, era zeharo presentzialean.
Urriaren 3an, Bilboko Arte Ederren Museoan, Icaza Hall bikaineko ateak irekitzen dizkigun lankidetzaz gozatzen jarraituko dugu. Bertan, Chey Jurado & Javito Mario bikote berriak, Samsara piezan aztertuko dute norberaren nortasuna sortzeko ematen den behatzailearen eta behatutakoaren arteko konexio-ziklo eternala eta Ertza/Asier Zabaletaren Otempodiz lanak beste kultura batzuen denboraren pertzepzioaz hitz egingo digu.
Urriaren 29an, eta Portugalgo Ypsilon# jaialdiarekin izandako trukeen emaitza bezala, Filipe Moreira portugaldar konpainiaren bisita jasoko dugu La Fundición aretoan, Escuta (Entzutea) lanarekin. Moreiraren pieza isiltasunari eta gorputzaren eta ahotsaren aurkikuntzaren alderik primitiboenari buruzkoa da.
Eta azaroaren 2an, Mizel Thereten Oroitzen naiz dantza-lanari buruzko filma hartuko dugu. BoiSakré ekoizpen-etxeak grabatu zuen, sentiberatasun nabarmenarekin, eta euskal dantzako hiru pertsonaiaren memoria berreskuratu zuen haien historia luze eta emankorra gogoratzeko. Bide batez, horrekin oroitu nahi dugu zenbat gozatu genuen hirurekin 2012ko Dantzaldian, beren adin aurreratuetan izen bereko pieza taula gainean interpretatu zutenean.
Azaroa izango da jaialdiaren aldirik indartsuena, eta horrek Guggenheim Bilbao Museora eramango gaitu hilaren 11n, Estévez, Paños & Cíaren Triptiko#1 izeneko lana ikusteko. Flamenko berriaren azken sorkuntza da eta Campanillero-Nondedeu-Silencios atalek osatzen dute. Paisaiari, gauari, soinuari, cante-ari, isiltasunari… buruzko piezak dira, eta oso dramaturgia neurtua daukate interpreteen arteko laguntza eszeniko bezala.
Hilaren 18an Barakaldo Antzokiak irekiko dizkigu ateak, Jesús Rubio Gamoren konpainia eta haren Acciones sencillas delako lanari harrera egiteko. Bost dantzarirentzako pieza da, eta hiru emakumeren laguntza edukiko du “ahotsarekin, perkusioarekin eta txaloekin”. Mugimendua, musika eta erritmoa ospatzen dituzten gorputzen erakustaldi horrek harritu egingo gaitu sinpletasunaren konplexutasunarekin, esandako kontzeptuak euren mugetara eramanez.
Azaroaren 23an eta abenduaren 14an Azkuna Zentroa-Bilboko Alondegian –haren laguntzarekin– egitarau bikoitz batez gozatuko dugu hurbilketa oso desberdin birekin: alde batetik, Stocos Institutua/Muriel Romero & Pablo Palacioren Oecumene hiru dimentsiotako murgiltze-soinuzko pieza teknologikoarekin, eta bestetik, Cielo Raso/Igor Calonge konpainiaren Hâmaïkà izeneko lanarekin, trukuaren, magiaren, ilusioaren eta irudimenaren inguruko festa dantzatu batean.