Elkarlana Topic zentroarekin
Euskal Antzerki Topaketen egitarauaren barruan, txotxongiloek ere izaten dute tokia. Azkenengo urteetan erakusketa jarri du Corrado Masacci txotxongilogileak, eta aurten ere ez du hutsik egingo. Azaroaren 1etik 15era egongo da ikusgai, Betharram udal aretoan. Berrikuntza gisa, Topic Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroarekin ere elkarlan bat abiatuko da, eta, horren barruan, erakusketa bat eta txotxongiloak egiten ikasteko tailer bat antolatuko ditu zentroak. Tailerra doakoa izango da, baina izena eman beharko da.
Sarrerak salgai
Iazko ekitaldian, Internetera ere egin zuten jauzi topaketek, eta aurten ere www.topaketak.eus webgunean egitaraua eta historia kontsultatzeko aukera egongo da. Atari hori erabili ahal izango da sarrerak erosteko ere. Helduentzako sarrerak 10 euro balioko du, eta haurrenak 5 euro. Internet bidez ez ezik, Soreasu antzokian eta Sanagustin kulturgunean ere egongo dira salgai sarrerak. Euskal Antzerki Topaketen 41. ediziorako kartela lehiaketa bidez aukeratu da, eta Leire Derteano Lizarralde oñatiarrak egin du.










