Itsas ondarearekin eta kulturarekin lotutako hainbat jarduerek osatzen dute programa: musika, dantza, erakusketak, gastronomia, lanbide tradizionalen erakustaldia, etab. Horiek guztiak Pasaian izango dira, maiatzaren 9, 10, 11 eta 12an. Egitaraua ikusi besterik ez dago, ohartzeko aurtengo edizioan ere Pasaia osatzen duten lau barrutietatik etorritako tokiko eragile ugarik garatuko dituztela edukiak.
Aurtengo edizioak jaialdi aurreko programazioa ere izango du, hala nola, Albaola Itsas Kultur Faktorian jendaurrean egiten ari den Txileko ontzi tradizional bat zuzenean eraikitzea, edo itsas kulturaren ohorezko gonbidatuaren ordezkarien eta beste hizlari batzuen elkarrizketaz gozatzeko hitzaldi sorta bat Mutiozabal Txoren Ontziolan (Orio), Euskal Itsas Museoan (Donostia) eta Albaola Itsas Kultur Faktorian.
Jaialdiaren irekiera ofiziala maiatzaren 9an izango da, arratsaldeko 18:00etan itsasontziak badiara sartzen direnean. Ostegun eguerdian, hainbat ontzi eta elkarte Orioko Mutiozabal Txoren Ontziolatik itsasoratuko dira eta Pasaiarako bidea hartuko dute arratsaldean festibalaren inaugurazioan egoteko. Itsasontzien benetako desfilea izango da, hainbat tipologia, portu, kultura eta eslorako itsasontziak aldi berean sartuko dira Pasaian eta une paregabea eskainiko digute. Gainera, portura hurbildu ezin diren pertsonek itsasontzien sarreraz eta ekitaldiaren inaugurazioaz gozatu ahal izango dute zuzenean Youtube plataforman, Pasaia Itsas Festibalaren profilean.
Festibaleko egunen programazioari dagokionez, maiatzaren 9tik 12ra, bi multzo handitan bana daiteke: programazio iraunkorra -itsas ondareko elkarteen erakusketa eta standak, artisau-merkatua, zuzeneko lanbide tradizionalen erakustaldiak edo ontzi handietarako bisitak, adibidez- eta emanaldi puntualak, egun eta ordu jakinak izango dituztenak.
Kontzertuak San Pedroko lonja plazan eta San Juango Bizkaia plazan izango dira, eta, gainera, kale-animazioa deritzona egongo da, musika, dantza, erraldoi, tailer eta abarrekin.
Ana Tijouxen agertoki berean arituko da Anna Colom ere, soinu iberiarrak, latinoamerikarrak eta flamenkoak uztartzen dituen artista kataluniarra. Kontzertu hauek larunbatean izango dira San Pedron.
Donibanen, ostiralean, Tapia eta Leturiak eta Calle Mambo Txileko taldeak joko dute, Bizkaia plaza dantzan jartzeko.
Txilek programazio osoan izango du presentzia, bai musika-eskaintzan bai eskaintza gastronomikoan, bisitariek unean bertan prestatutako Txileko plater tradizionalenak dastatzeko aukera izango baitute.
Musika programazioa osatzeko, talde hauek izango ditugu gure artean: Alargun Beltzak, Erromintxelak, Noir Socha, Ilunbe akordeoi orkestra, Euskorleans, Mogumbo...
Phoenix, Grayhound, Recouvrance eta Le biche ontziez gain, Aitamari Itsas Salbamendu Humanitarioko itsasontzia ere bisitatu ahal izango da; Mediterraneoan hamabigarren misioa bete ondoren, Pasaiako San Pedro kaian izango da.
Aipatzekoa da Pasai Antxon, Molinao itsasadarrean hain zuzen ere, egingo den ekitaldi berezi bat, "Denboraren tunelean", badiatik puntu horretara iritsiko diren ontzietan egingo den lehen mailako bertso saioa.
Amaitzeko, trikitilariez, muxikoez, bertsolariez, abesbatzez eta erakusketez gain, haurrentzako jarduerak ere izango dira, hala nola "Akromasta", urpekaritza bataioak, Itsas Kofradiaren eta Aranzadiren tailerrak Pasai Donibanen, edo arte eszenikoak, edizio honetan "Zanga Handia" eta "Ur" ikuskizunez gozatzeko aukera izango baita.