OSTERA 2024 kultur festibala

Balmaseda 2024(e)ko urriaren 3(e)tik 2024(e)ko abenduaren 1(e)ra
  • OSTERA 2024 kultur festibala

OSTERA 2024 Kultur Festibalaren aurtengo edizioak Euskaran mundo oso bat kabitzen da! du lelo eta, hain justu; hori du helburu: euskarak mundu osoa barne-biltzen duela ikusaraztea. Balmaseda, Arrigorriaga eta Abadiñon egingo da festibala urria eta azaroa bitartean. Euskaraz sortutako eskaintza kulturala bultzatu eta hedatzea izan du helburu Osterak bere sorreratik. Urte guztiotan, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin, denetariko proposamen kulturalak zabaldu ditu Bizkaia osoko hainbat herritan zehar Euskaltzaleen Topagunearen ekimenak. Izan ere, hori da Osteraren ezaugarri nagusia: eskaintza kulturala bere ohiko esparruetatik (hirigunetik) atera,  eta herriz herri hauspotuz euskara sustatzea. 

Herri bakoitzean 4 egunez luzatuko den egitarau zabala eskainiko du kultur festibalak: musika, Flamenko eta dantza bertikal ikuskizunak, bakarrizketak solasaldiak, haur eta familientzako emanaldiak… Finean, denetik, denentzako eta erabat doan. Festibalaren barruan herritarrei eskainiko zaien kultur-egitarauaren osagarri, solasaldi-ziklo bat antolatu da. 3 mahainguruz osatutako solasaldi zikloak etorkizuneko “GU” irudikatzea du helburu eta euskarak alor ezberdinetan dituen erronken inguruan hausnartuko du.

Balmasedako solasaldiak, Euskara bihar: nola kudeatu hizkuntz aniztasuna? izango du izenburu eta egungo zein etorkizuneko migrazio mugimenduek euskararen erabileran izango duten eragina aztertzeko baliatuko da. Finean: nola erakarri ditzakegu etorkinak eta euskal hiztun ez direnak euskarara?

Arrigorriagako solasaldian, Euskara bihar: nola aktibatu erabilera? galderaren inguruan eztabaidatuko da eta hizkuntzaren erabilera handitzeko eman beharreko pausoak aztertuko dira.

Abadiñon, azkenik, Euskara bihar: kulturgintzaren sustapena. Nola sustatu kultur-zaletasuna? gaiaren inguruan jardungo gara solasean eta kulturgintzak dituen erronkak izango ditu hizpide.

Musikari dagokionez, JANUS LESTER, GARI ETA MALDANBERA eta NOGEN taldeen kontzertuak programatu dira Ostera 2024 kultur festibalaren barruan. Musikaz gain, dena den, eskaintza kultural zabal eta betea eskainiko zaie herritarrei: Lidia De Lorenzo flamenko dantza konpainiaren “Sentimundua” edo Harrobi dantza bertikal konpainiaren “Geu(re)ra” ikuskizunak, Antton Telleria, Julen Portillo, Ane Goitia eta Maialen Sorozabalen bakarrizketa saioa edo Maddi Pirata, Gora Bihotzak edo Iratxoen kantu sekretuak haur eta familientzako ikuskizunak, besteak beste.

Info gehigarri osoa, webgunean aurkitu dezakezue: https://topagunea.eus/ostera2024/

 

topagunea.eus

Laburrean

  • Mota Jaialdia
  • Data 2024(e)ko urriaren 3(e)tik 2024(e)ko abenduaren 1(e)ra
  • LekuaArrigorriaga, Abadiño eta
    Balmaseda
  • ZenbatekoaDoan
  • HizkuntzaEuskara

Non