2024ko Organorako Musika Nafarroan Zikloaren barne.
"Organo Musika Nafarroan zikloaren 40. urteurrenaren amaiera ekitaldian, Iruñeko San Nikolas elizako organoa izanen da protagonista. Organo hori hasiera-hasieratik izan da zikloaren parte, eta, gainera, zaharberritze handia egin zioten 1989an.
Bertzalde, gure gonbidatua Matteo Imbruno izanen da; organista italiarra da baina Amsterdamen bizi da, eta Oude Kerk eliza ospetsuko eta hiri bereko H 'Art Museumeko organista titularra da. Oude Kerk eliza horretan aritzen zen orain dela 500 urte Jan Pieterszoon Sweelinck handia.
Matteo Imbruno nazioartean ibilbide luzea duen organista da; gaurkoan, barroko garaiko Espainiako, Alemaniako eta Frantziako lanez osatutako programa bat eskainiko digu, gure garaiko pieza pare batekin batera. San Nikolas organoaren aukera tekniko eta artistikoen irakurketa hagitz egokia da horixe, eta gure organo musika zikloaren edizio berezi honendako urrezko bukaera izanen da."