Beasaingo eta Ordiziako Udalek XXXI. Antzerki Garaia egitaraua antolatu dute. Urtarrilaren 10etik apirilaren 25era, zortzi antzezlan izango dira ikusgai bi herrietan. Antzerkia oro har eta euskaraz egindakoa bereziki bultzatzea da egitasmo honen helburua. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskadiko Antzoki Sarearen lankidetzarekin ikusleentzako egitarau erakargarria antolatu dute, aurten ere, bi udaletako kultura sailek.
1995. urtean hasi zen bi herrien arteko lankidetzan antolatutako egitaraua martxan, eta dagoeneko 31. edizioa beteko du. Lankidetza honekin, antzerki errepresentaziotara joateko ohitura sustatu nahi da batetik, eta bestetik, publiko berria erakarri nahi da, gazteak batik bat. Lan horri ekiteko ezinbestekoa gertatu da borondateak batzea eta ahaleginak koordinatzea.
Antzerki taldeak eta obrak aukeratzeko garaian kontutan hartutako irizpideak kalitatea, muntaia, hizkuntza, konpainiaren eskarmentua eta obren arrakasta izan dira.
Sarrerak eta abonuak
Aurtengo edizioari dagokionez 8 antzezlanek osatzen dute egitaraua. Horietatik bi izango dira soilik gaztelaniaz eta gainontzeko seirak euskaraz. Sarrerak 12 euroan izango dira salgai emanaldi bakoitzeko eta denboraldi osorako abonuaren salneurria 72 eurokoa izango da. Hau erosteko epea urtarrilaren 7ra arte egongo da zabalik.
Abonuarekin, egitarauko emanaldi guztietara sartzeko aukera izango da, bai Ordizian eta baita Beasainen ere. Gainera, antzezlan guztietarako udalerri bakoitzeko antzokian esleitutako eserlekua mantenduko da.
Salmenta lekuak, Ordiziako Herri Antzokia, Beasaingo Usurbe antzokia eta www.beasain.eus webgunea izango dira. 10 sarrera baino gehiago eskuratu nahi dituzten kultura talde, ikastetxe eta gisakoek prezio berezia izango dute, 10 euro, eta dagokion udaleko kultura sailean eskuratu beharko dituzte.
Ordiziako Herri Antzokian zabalduko da 2025eko Antzerki Garaia, urtarrilaren 10ean, eta apirilaren 25 arte, 8 emanaldi izango dira guztira, erdiak Beasainen eta erdiak Ordizian. Emanaldi guztiak 20:30ean hasiko dira.