Arabako Foru Aldundiak "Aiaraldeko museo eta dorretxeen ibilbideak" proposamen turistiko berria abiarazi du, arabarrei eta bisitariei Aiarako Kuadrillako ondare historiko eta kultural aberatsa ezagutarazteko. Proiektuaren barruan honako hauek sartzen dira: informazio panel fisikoak baliabide bakoitzean, liburuxkak argitaratzea, web atari berri bat eta sustapenerako ikus-entzunezko bat.
Proiektu integrala
Horretarako, proiektuak tresna fisiko eta digital hauek erabiltzen ditu:
Informazio panelak, euskaraz eta gaztelaniaz, Aiaraldeko hamaika dorretxeen ondoan. Haiekin baliabide bakoitza identifikatzen da eta informazio gehiago emateko QR bat jasotzen dute.
Turismoa sustatzeko bi liburuxka, ibilbideen mapak eta hamaika dorretxeen eta Aiaraldeko museoen informazioa biltzen dutenak, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Liburuxka horietan, baliabideak bi ibilbidetan taldekatuta daude (Aiara-Artziniega eta Urduña-Amurrio-Laudio), eta liburuxkak laster egongo dira eskuragarri tokiko eta eskualdeko turismo bulegoetan.
Web atari berri bat, museoetadorretxeak.araba.eus, honako hauek biltzen dituena: bi ibilbideen mapak, Aiaraldeko dorretxeei eta museoei buruzko informazio historikoa eta bisita daitezkeen baliabideen informazio praktikoa.
Sustapenerako ikus-entzunezkoa, aurkezpenetan eta sare sozialetan erabiltzeko sortua.
"Museo eta dorretxeen ibilbideak" Aiaraldeko hamaika dorretxeri buruzko informazioa eskaintzen du: Mendieta dorrea, La Cámara Orive-Salazar dorrea, Molinillo de Velasco dorretxea eta Bengoa dorretxea, Artziniegan; Kexaako Monumentu Multzoa eta Murga dorrea, Aiaran; Zaldivar etxea, El Puenteko gotorretxea, Artomaña dorretxea eta Mariaka dorrea, Amurrion; eta Ugarte dorrea, Laudion.
Eta atal bana eskaintzen die lau museori: Artziniegako Museo Etnografikoa, Santxotena Tailer Museoa eta Arte Sakratuaren Museoa; eta Amurrioko Licor Acha Museoa.
Proposamenean, halaber, Nerbioi Garaiko Bizkaiko herrietako bi museo sartu dira, Orozkoko Museo Etnografikoa eta Urduñako Museo Etnografikoa, BEPk Aiaraldea eta Nerbioi Garaiko Bizkaiko eskualdea barnean hartzen baititu.
Bestalde, turismo proposamen horren osagarri gisa, Arabako Foru Aldundiak, Aiaraldeko museoekin lankidetzan, eskualdeko museoen egoeraren, premien eta ahalmenen aurretiko diagnostiko bat bultzatu du, eta ekintza plan bat zehaztu du, Aiaraldeko Museoen Sarea sortzeko, museoen lehiakortasuna hobetzeko eta sustatzeko elkarlanean.