Museoen Nazioarteko Eguna 2025, Arrantzaleen Museoan

Bermeo 2025(e)ko maiatzaren 15(e)tik 2025(e)ko maiatzaren 18(e)ra
  • Museoen Nazioarteko Eguna 2025, Arrantzaleen Museoan

Aurten ere Museoen Nazioarteko Eguna Bizkaian ospatuko da programazio berezi eta doako sarrerekin Bizkaiko museo gehienetan, gainera tailer ezberdinak antolatuko dira aire zabalean eta lurraldeko 45 museoak egun bakar batean ezagutzeko aukera izango da. Ekimen honi buruzko informazio guztia, baita Bizkaiko museoen eskaintza ere, museoeneguna.eus webgunean dago eskuragarri.

Datorren maiatzaren 18an, Bizkaiak bat egingo du Museoen Nazioarteko Egunarekin, Bizkaiko museo-eskaintza aberatsa eta askotarikoa herritarrei hurbiltzeko proposamenarekin. "Bizkaia Museoz Museo, aukeratzeko beste" lelopean, Bizkaiko Foru Aldundiak, lurraldeko museoen ordezkaritza zabalarekin batera, maiatzaren 18an egingo diren ekimenak aurkeztu ditu.

Museoen artean, Arrantzaleen Museoan maiatzaren 15ean hasiko da DIMaren ospakizuna, Juan Antonio Apraizen “Gure arrantzaleen arrantza; ikusi-ikutu-erabili” erakustaldiarekin. Erakustaldi horren bidez, gure kostaldean erabiltzen diren arrantza-aparailuak ikusteko, ukitzeko eta erabiltzeko aukera izango dogu.

Erakustaldia 18:00etan hasiko da, euskeraz izango da eta erreserbatzea beharrezkoa da. 

Maiatzaren 16, 17 eta 18an, MNE eta Bermeoko Arrain Azoka ospatzen direla eta, Arrantzaleen Museorako sarrera doako izango da.

Arrantzaleen Museoa:

Bermeoko Portu Zaharrean Ertzilla Dorre historikoa altxatzen da. 1943. urtean monumentu nazional izendatutako eraikin honek Arrantzaleen Museoko aretoak hartzen ditu harresien barruan 1948. urtetik.

Honen moduko museo gutxi dago munduan, euskal arrantzaleen bizitzari, lanari eta arrantzari dagokion guztia erakusten baitie bisitariei: arrantzaleen bizitzaren eta ohituren deskribapena, beren gremio-elkarteak, ontziak, eta denboraren poderioz arrantzatzeko eta arraina merkaturatzeko erabili dituzten teknikak. Gainera, Euzkadiko Gudontzidiaren historiaren berri ematen digu, euskal arrantzaleek eratu baitzuten armada horren muin nagusia.

Museoko areto batean, Ertzilla Dorrearen historia azaltzen da. Dorrea XV. mende amaierako eraikina da, hiri- eta merkataritza-izaera hutsekoa, eta salerosleen familia ospetsu baten orubea, besteak beste, Fortun Gartzia de Ertzilla edo La Araucana poemaren egilea izan zen Alonso de Ertzilla izan baitziren familia horretakoak.

1985ean, Bizkaiko Foru Aldundiak obrak egin zituen, gehienbat estalkia konpontzeko eta guneak aprobetxatzeko. Gero, 1994 eta 1995 urteen artean, dorreko fatxadak zaharberritu zituen. Orain dela gutxi, eraikina berriz zaharberritu da, hasierako itxura berreskuratzeko. Horrez gain, erakusketa iraunkorra birmoldatu da, teknika espografikorik modernoenak erabiliz.


Laburrean

  • Mota Bestelakoa
  • Data 2025(e)ko maiatzaren 15(e)tik 2025(e)ko maiatzaren 18(e)ra
  • LekuaArrantzaleen Museoa
    Ertzila Dorrea
    Bermeo
    Web
  • ZenbatekoaDoan
  • HizkuntzaHainbat (euskara barne)
  • Ikusi agenda Arrantzaleen Museoa, Bermeo

Non