Aurten ere Museoen Nazioarteko Eguna Bizkaian ospatuko da programazio berezi eta doako sarrerekin Bizkaiko museo gehienetan, gainera tailer ezberdinak antolatuko dira aire zabalean eta lurraldeko 45 museoak egun bakar batean ezagutzeko aukera izango da. Ekimen honi buruzko informazio guztia, baita Bizkaiko museoen eskaintza ere, museoeneguna.eus webgunean dago eskuragarri.
Datorren maiatzaren 18an, Bizkaiak bat egingo du Museoen Nazioarteko Egunarekin, Bizkaiko museo-eskaintza aberatsa eta askotarikoa herritarrei hurbiltzeko proposamenarekin. "Bizkaia Museoz Museo, aukeratzeko beste" lelopean, Bizkaiko Foru Aldundiak, lurraldeko museoen ordezkaritza zabalarekin batera, maiatzaren 18an egingo diren ekimenak aurkeztu ditu.
Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko, Santimamiñek dohako sarrera izango du.
Maitzaren 17an, Museoen gaua dela eta, gaueko bisita berezia egingo dute Santimamiñeko kobara, 22:00etan.
Maiatzaren 18an, doako bisita gidatuak egongo dira. Ohiko ordutegian.
UNESCOk SANTIMAMIÑEKO HAITZULOA Gizateriaren Ondare izendatu zuen 2008an, Kantauri isurialdeko labar-artearen beste hainbat multzo nabarmenekin batera. Jendearentzat itxita, kontserbazio-arrazoiengatik, gaur egun ataria bakarrik bisita daiteke, barrunbearen okupazio ezagunen aztarna arkeologikoak geratzen diren lekua. Bisitaldia osatzeko, ibilbide birtual bat egingo da pinturen ganberan eta kobazuloko galeria sakonenetan zehar.