Museoen Nazioarteko Eguna 2025, Euskararen Etxean

Bilbao 2025(e)ko Maiatzak 18
  • Museoen Nazioarteko Eguna 2025, Euskararen Etxean

Aurten ere Museoen Nazioarteko Eguna Bizkaian ospatuko da programazio berezi eta doako sarrerekin Bizkaiko museo gehienetan, gainera tailer ezberdinak antolatuko dira aire zabalean eta lurraldeko 45 museoak egun bakar batean ezagutzeko aukera izango da. Ekimen honi buruzko informazio guztia, baita Bizkaiko museoen eskaintza ere, museoeneguna.eus webgunean dago eskuragarri.

Datorren maiatzaren 18an, Bizkaiak bat egingo du Museoen Nazioarteko Egunarekin, Bizkaiko museo-eskaintza aberatsa eta askotarikoa herritarrei hurbiltzeko proposamenarekin. "Bizkaia Museoz Museo, aukeratzeko beste" lelopean, Bizkaiko Foru Aldundiak, lurraldeko museoen ordezkaritza zabalarekin batera, maiatzaren 18an egingo diren ekimenak aurkeztu ditu.

Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko, Euskararen Etxean aurten ez dute jarduera berezirik egingo, baina komunikazio-ekintzaren bat sareetan egingo dute.

Ordutegia:

  • Astelehenetik ostiralera: 10:00 –19:00
  • Larunbatetan: 10:00 – 14:00 eta 16:00 – 19:00 (udako larunbatetan arratsaldez itxita)

Sarrera: doakoa da, beti.

Euskararen Etxean baitan dagoen Euskararen Interpretazio Zentroak (EIZ) euskararen bizi indarra eta aniztasuna transmititu nahi ditu. Era berean, norberaren inplikazioa aldarrikatzen du, norberak euskarari gehitu egiten baitio. Finean, euskararen askotariko izaerak batu egiten gaitu. Bertan, zentzumenetan oinarritutako bisita ludiko eta zehatza eskainiko zaie bisitariei; hau da, bisita esperientzial eta ludiko batetik abiatuta, bisitariak euskararen izaera poliedrikoan murgilduko dira.

Erakusketak hainbat atal ditu. Euskararen egunez eguneko egoeraz ohartarazten gaituen datu-basea, euskararen historia begiratua, euskal hitzekin jolasteko aukera, haren transmisioa eta aniztasuna ezagutzeko ahots ikus entzuteko kanpaiak, etorkizunerako erronkak, euskal kulturaren aberastasun eta kalitatea. Halaber, euskara balore positiboi lotuta dagoenez, erakusketak ere horrelakoa izan nahi du, baikorra, abegikorra, zabala.

Euskararen Etxea Bilboko San Ignazio auzoan dago, eta 2004an sortu zen Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetzaren ondorioz. Egun, Azkue Fundazioak kudeatzen du.

Euskararen Etxeak erreferentzia izan nahi du euskal eragileentzat eta euskal jendartearentzat. Horretarako, hainbat zerbitzu eta bitarteko eskaintzen ditu: Euskararen Interpretazio Zentroa, Aretoen lagapena eta Lantoki Koperatiboa.


Laburrean

  • Mota Bestelakoa
  • Data 2025(e)ko Maiatzak 18
  • LekuaEuskararen Etxea - Azkue Fundazioa
    Agoitz Plaza, 1 (Metroa: San Ignazio geltokia)
    Bilbao
    Web
  • ZenbatekoaDoan
  • HizkuntzaHainbat (euskara barne)
  • Ikusi agenda Euskararen Etxea - Azkue Fundazioa, Bilbao

Non