Sormeneren edizio berria urriaren 4a eta 12a bitarte egingo da, Torrezabal Kultur Etxean, Gandasegiko arkupeetan eta Urretako Topagunean izango diren hainbat ekimenekin. 2020an sortu zenetik, euskarazko kultur sorkuntza mota guztietarako plaza irekia bihurtu da jaialdia, arlo horretan Galdakao erreferente bilakatuz.
Espazio inklusiboa da Sormene, sortzaile berriek eta ibilbide luzedun artistek, emakume sortzaileek eta arte garaikide zein tradizionalaren adierazpenek bat egiten duten gunea. Identitatea, transmisioa eta aniztasuna ardatz hartuta jaio zen, eta edizio bakoitzean euskararekiko eta euskal kulturarekiko konpromisoa zabaltzen eta sakontzen jarraitzen du, lau lan ildoren bitartez: sormena, plazak, komunikazioa eta transmisioa. Azken edizioetan transmisioan jarri da arreta, Galdakaoko eta Euskal Herriko eragileengan kezka zabaldua delako. Zentzu horretan, euskal kultura belaunaldi berriei zabaltzeko lanak jarraitzen du, eta aurtengo edizioan genero berritzaileak txertatu dira, hala nola, musika elektronikoko tailerrak eta opera baten sorkuntza prozesuaren inguruko aitorpenak.
Ildo horretan, ‘Garai eta gizarte likidoak’ izena hartu du aurtengo edizioak. Horrela, ziurgabetasun garaiari zuzendutako sorkuntza bultzatu eta gonbidatu nahi izan du Galdakaoko Udalak, erreferente sendoen galera, gizartean egoteko eta militatzeko modu berriak, harreman iraunkorrak eraikitzeko zailtasunak, estresa eta antsietatea, kontsumoa ihesbide gisa… bezalako gaiak landuz. Guzti hori zazpi ikuskizunetan garatuko da, ikuspegi ezberdinetatik abiatuta, hitza oinarri duten ikuskizunen, zinearen, dantzaren eta bestelako adierazpideen bitartez.
Sormena guztiontzat
Urriaren 11n, herriko literaturgileek emanaldi literarioa eskainiko dute Gandasegiko arkupeetan, Sandra Fernandez musikaria ondoan dutela. Edizio honetarako propio idatzitako testuak irakurriko dituzte, Leidu irakurle taldearekin elkarlanean mimo handiz prestatutako ekitaldian.
Ekitaldiaren ostean oparituko ditu Leiduk ekitaldian parte hartuko dute idazleen liburuak “Liburuak opari” ekimenean.
Euskal Herrian ezagunak diren hainbat izen ere izango dira Galdakaon, bertoko sortzaileez gain: urriaren 7an, Maialen Lujanbiok ‘rr_6_erre(AH)ala’, bere errezitaldi poetiko-bertso-performatibo-irakurri ikus entzutekoa, aurkeztuko du, eta urriaren 12an ‘Karmele’ pelikula emango da Torrezabal Kultur Etxean. Asier Altuna zuzendaria bera etorriko da Galdakaora, eta bere azalpenak zuzenean entzun eta berekin mahai inguruan parte hartzeko aukera izango da.
1937an girotutako filmak edizio honetako gai nagusiarekin bat egiten du, gerraren eta erbestealdiaren testuinguruan euskal kulturak izan duen zereginari buruzko hausnarketa eginez.
Denak ez dira, ordea, helduei bideratutako proposamenak izango; jaialdiari hasiera emateko ‘Semaforoa’ haurrentzako ikuskizuna izango da, Logela Multimedia konpainiaren eskutik, urriaren 4an. Bestalde, urriaren 9an, ‘Exodus’ operaren inguruan solasaldia egingo da. Ane Legarreta orkestra zuzendari galdakaoztarrak eman ditu ekitaldiari buruzko azalpenak.
Euskarazko ahapaldiak dituen lehen opera esperimentala da, eta bertan Jon Saenz konpositoreak, Hegoa Alvarez idazleak eta Ane Legarreta zuzendari galdakoztarrak sorkuntza prozesuaren nondik norakoak partekatuko dituzte DBHko ikasleekin. Azkenik, gazteek musika elektronikora gerturatzeko tailer praktiko batean parte hartu ahal izango dute, Dantz kolektiboak eskainitako dantza saio baten bidez.
Hurrengoa da, zehazki, aurtengo Sormeneren egitaraua, euskaraz bere osotasunean:
18:00. Semaforoa, Logela Multimedia konpainiaren haurrentzako ikuskizuna, Torrezabal Kultur Etxean. Sarrerak dagoeneko eskuragarri daude Torrezabalen eta Udalaren webgunean.
19:30. rr_6_erre(AH)ala, Maialen Lujanbioren errezitaldi poetiko-performatibo ikus-entzunezkoa, Gandasegiko arkupeetan. Sarrera doakoa.
18:00–20:00. Musika elektronikoko tailer praktikoa, 15 eta 18 urte bitarteko gazteentzat, Dantz kolektiboarekin, Urretako Topagunean. Izen-ematea: sormene@gmail.com.
11:30ean ‘Exodus’ operaren inguruko solasaldia. Musikaz lagunduta izango da. Jon Saenz, Hegoa Alvarez eta Ane Legarreta izango dira hizlari. DBHko ikasleei zuzendutako saioa.
20:00. La Sala dantza konpainiaren 10. urteurrena, Torrezabal Kultur Etxean. Sarrerak dagoeneko eskuragarri daude Torrezabalen eta Udalaren webgunean.
12:30. Askotariko errezitaldia: Gizarte eta garai likidoak Galdakaoko literatura idazleen begietatik. Idazleak: Irati Bediaga, Josi Basterretxea, Libe Goitia, Joanes Urkixo, Karlos Aretxabaleta eta Arkaitz Estiballes. Musika eta kantua: Sandra Fernandez. Gandasegiko arkupeetan. Ondoren, liburua opari ekimena, ekitaldian parte hartuko duten egileen liburuak eskuratzeko modua izango da.
19:30. Karmele filmaren estreinaldia eta mahai-ingurua Asier Altuna zuzendariarekin. Torrezabal Kultur Etxean.