2025 eta 2026 artean Loaisa–Elkano (1525-1536) espedizio ez oso ezagunaren bosgarren mendeurrena ospatzen da, gizateriaren historian erabakigarria izan den itsas balentria. Ozeanoz haraindiko zeharkaldi hori nola prestatu zen azaltzeaz gain, erakusketak Andres Urdanetaren ekarpena nabarmentzen du, bera izan baitzen ekialdeko eta mendebaldeko itsas ezagutzak uztartuz ozeanoak nabigazio globalera irekitzea ahalbidetu zuena.
Donostiako portuko Dorretxean ikusgai jarritako maketen, margolanen eta garaiko dokumentuen bitartez funtsezko bidaia haren berri izango dugu. Erakusketa osatzeko, gune didaktiko bat eta familientzako koaderno bat ere eskuragarri daude.