Gasteizko 2025-2026ko Gabonetako egitarauaren barruan.
Errege Magoak urtarrilaren 5ean helduko dira Gasteizera, goizeko 11:00etan. Meltxor, Gaspar eta Baltasar tren geltokira heltzearekin batera eguneko ekitaldiak hasiko dira.
Ohikoa den bezala, Ekialdeko Gorentasunak Geltoki plazatik Plaza Berrira abiatuko dira eta hiriko haurrak agurtuko dituzte udaletxeko balkoi nagusitik, 11:20an gutxi gorabehera, haurrekin elkartu eta Errege Magoen Desfilea egin aurretik.
Gasteizen agertu eta haurrak agurtu ostean, Meltxor, Gaspar eta Baltasar haurrekin elkartuko dira eta opari-eskakizunez betetako gutunak jasoko dituzte Goiuri Jauregian dauden bitartean. Ondoren, eguneko hitzordu nagusia ospatuko da: Errege Magoen desfilea, alegia.
Goiuri jauregirako sarrera: Frai Zacarias Martinez kaletik.
Meltxor, Gaspar eta Baltasar Ekialdetik itzuli dira hiria magiaz betetzera. Errege Magoek bide luzea egin dute une berezi hau Gasteizko neskamutilekin partekatu ahal izateko, gau lanpetuari aurre egin baino lehen.
Gasteizera etorrera eta Udaletxetiko agurraren ostean, eta Goiuri jauregian haurrekin elkartu ondoren, Errege Magoen Desfilea izango da hitzordu nagusia.
Desfilea abiatuko da Bilbo plazatik eta kale hauetan barrena joango da: Frantzia, Bakea, Ortiz de Zarate, Florida, Ramon y Cajal, Micaela Portilla, Lascaray eta Gasteiz hiribidea; han amaituko da, Tomas Zumarraga Dohatsuaren kaleko bidegurutzean.
Ibilbidearen azken zatian, Gasteiz hiribidea eta Adriano VI kalearen arteko bidegurutzetik aurrera, jaitsi egingo da karrozen soinu-bolumena, autismoaren espektroko nahasmendua edo entzumen urria dutenek ahalik eta modurik erosoenean gozatzerik izan dezaten Errege Magoen desfileaz.
Kalejira ikusgarria
Kabalgatak karroza ikusgarriak izango ditu, eta hainbat antzerki taldek hartuko dute parte.
Bertan izango dira, gainera, Udal Musika Banda, Apdema, Afroamerikako elkartea, Kalez Kale programa, Abetxukoko Inauterietako Konpartsa elkartea, Carpe Diem eta Serezade. Ekitaldiak, gainera, Auto Electricidad Ondo enpresaren laguntza jasoko du.