Herriko zaindariaren heriotzaren eguna goratzeko, otsailaren 5ari esanahi berezia eman nahi dio aurten ere Beasaingo Udalak. Helburu horrekin, Udalak eta herriko hainbat eragile eta elkartek nortasunarekin eta tradizioekin lotutako egitarau zabala prestatu dute, eta gaur goizean aurkeztu dute udaletxeko batzar aretoan.
Aurkezpenean Leire Artola alkatearekin batera izan dira Juanjo Ganzarain eta Martin Urkiola Beasaingo Odolkiaren Kofradiako ordezkariak, eta Angel Funes Urbiberri gizarte zentroko ordezkaria. Bakoitzak bere arlotik azaldu ditu otsailaren 5aren bueltan antolatutako ekitaldien xehetasunak.
Loinazko San Martin egunean protagonismo berezia izaten du urtero Beasaingo Odolkiaren Kofradiak, eta aurten bere 39. kapitulua ospatuko du. Testuinguru horretan, Karlos Argiñano izendatuko dute ohorezko kofrade, bere ibilbide profesionalagatik ez ezik, beasaindarra izanik, Beasainen alde egindako lanagatik, herriaren izena eta balioa mundu osoan zehar harrotasunez eta fideltasunez zabaltzeagatik besteak beste.
Era berean, Beasaingo herriak berak Karlos eta Eva Argiñano omenduko ditu, biek ala biek beren jatorriarekiko erakutsitako atxikimenduagatik, Beasainekin izan duten lotura estuagatik eta herriaren irudia zabaltzeko egindako ekarpenagatik.
Odolkiaren Kofradiak antolatutako ekitaldi nagusia eguerdiko 12:00etan izango da Loinazko San Martin plazan, baina aurretik eta ondoren ohiko egitarau osoa garatuko da:
Kofradiak jakinarazi du 24 kofradiatako 101 ordezkari bilduko direla Beasainen:
10 Hego Euskal Herritik, 2 Ipar Euskal Herritik, 7 Kantabriatik, 2 Galiziatik, eta bana Errioxatik, Asturiastik eta Toledotik.
Goizeko ekitaldi guztietan lagun izango dira Goizeresi elkarteko txistulariak eta Loinatz Musika Eskolako banda, eta eguerdian emanaldia eskainiko dute plazako kioskoan.